Albisteak

 

Lekeitioko Udalak Santa Katalina itsasargian dagoen taberna ustiatzeko lehiaketa atera du. Baldintzak udal web gunean argitaratuta daude (www.lekeitio.eus) eta proposamenak aurkezteko epea apirilaren 18an bukatuko da, eguerdiko 12:00etan. Udal bulego orokorretan aurkeztu beharko dira proposamenak.

Lekeitioko Santa Katalina itsasargiko interpretazio zentroa eta taberna 2010eko udaberrian zabaldu ziren. Paisaia paregabean kokatua, Santa Katalina da Euskadin bisitatu daitekeen lehenengo itsasargia, nahiz eta linterna bera ezin den ikusi. Urtean zehar, interpretazio zentroak 6000 bisitari inguru izaten ditu, gehien bat udaberri eta udan sasoian. Bisitariak banaka zein taldeka etortzen dira, eta jatorria Euskal Herria eta Estatukoa da gehien bat.

Tabernari dagokionez, interpretazio zentroaren harreraren ondoan dago kokatuta, eta urte osoan zehar ematen du zerbitzua. Tabernak bertan dagoen terrazako zati bat erabiltzeko aukera dauka, eta toki aproposa da Talatik Santa Katalinara doan ibilbidea egin eta gero, atseden momentu bat hartzeko. Asko dira hurreratzen direnak ibilbidea egin eta gero, gehien bat eguraldi ona egiten hasten denean. 20 minutuko ibilbidea eginez, gure paisaia gozatzeko aukera izango dugu.

Tabernak 26,97 m2-ko azalera erabilgarria dauka eta sukalondoak 3,70 m2-koa. Komunak (7,51 m2), banalekuak (5,71 m2) eta kanpoko terrazak (200,90 m2). Garbitasuna eta ezarritako gainerako baldintzak bete beharko dira adjudikaziodunaren partetik.

Kontratuaren iraunaldia (3) hiru urtekoa izango da eta urtez-urte luza daiteke alderdi biek hala adostuz gero, beste (3) hiru urtez, kontratuak guztira, gehienez, 6 urte iraungo duelarik.

Kontratuaren urteko prezioa 9.000 €, BEZ gabe, izango da. Lizitatzaileek diru kopuru hau hobetu dezakete.