Albisteak

 

Bukatu dira jaiak. 8 egun ekintzaz betea. Orain balorazioa egiteko garaia da.

Jai hauek kalitatezko ekintza eta ekintza berriengatik bereizi izan dira: suzko zezenen pasakallea, ura eta bitsaren jaia, plaza bete duten musika taldeak, agurrak (Pablo Berasaluze pelotariari eta Xabier Saldias Egan musika taldeko abeslariari), indarkeria sexistarik gabeko gunea, besteak beste.

Jai Batzordeko kideei eta Udalari berari heldu zaizkion iritziak oso onak eta positiboak dira. Jentea pozik eta gustura agertu da aurtengo jaiekin.

Hobetzeko gauzak ere badaude noski, antzar eguneko umeen parkeko puzgarriak aurten ez dira egokienak izan adibidez, ura eta bitsaren jaia bukatu ondoren plaza espumaz bete zen... Hori guztia aipatzeko, hau da, programako zer hobetu, mantendu etab Lekeitioko Jai Batzordeak aste batzuren barruan egingo du batzarra.

Txosna Batzordea ere zoriondu beharra dago antolatu dituzten ekintzengatik eta txosna gunean izan duten giroagatik. Txosna Batzordearen jaietako balorazioa ere positiboa izan da. Pozik agertu dira egin dituzten ekintzetan jende asko hurbildu eta partehartu duelako. Txosna gunean ere arazo handirik ez dela egon adierazi dute.

Antzar egunean neska harrapatzaileen presentzia ere nabarmentzen doa. Aurten 17 izan dira antzar jokoan harrapatzaileak.

Antzartek antzar mekanikoak ere gorantz egin du: 2015ean 84 potinetik 19 potinek aukeratu zuten antzartek eta aurten 85 potinetik 32 potin joan dira Antzartek harrapatzera: 19 lekeitiar, eskualdeko bat eta 12 kanpotar.

Bestalde, azpimarratzekoa da ez dela egon gorabehera larririk jaietan, ez da gutxi!!

Udaltzaingoaren arabera jaiak lasaiak izan dira. Ertzaintzatik emandako informazioaren arabera egin diren salaketak lapurretagaitik izan dira, batez ere telefono mugikorren lapurretagaitik eta gehienak irailaren 3an, zapatuan.

Antzar egunean, portuan Zaintza Intentsiboko Unitate (UVI) mugikorrak 9 pertsona atenditu zituen: 4 neska adingabeko zauri txikiengatik eta 5 gizonezko, gehienak traumatismoengatik.

SOS DEIAK-ek guztira 12 eskuhartze egin ditu jaietako 8 egunetan, horietatik 5 antzar egunean. 2 emakume atenditu dira eta gainontzekoak gizonezkoak izan dira. Gehienak 20-30 urte bitartekoak, bat 60 urtekoa, kalean jauzita. Eskuhartze gehienak istripuengatik izan dira (erortzeak, mozkor egoerak)

BIZKAIBUSek antzar egunean  31 autobus ipini zituen jentea Lekeitiora ekartzeko. 64 gidari mobilizatu ziren. Goizean adibidez, 6 orduren epean, 1.600 pertsona sartu ziren herrira. Biharamonean, bueltaratzeko orduan ere, ez zen arazorik egon. Aurten norabidearen arabera ilarak desberdindu egin ziren eta neurri honek erraztu egin zuen lana.

Kaleko garbitasunari dagokionez, antzar egunean batu zen zabor kopuru handiena. 17:00etan bukatu zen herria garbitzen kamioi, putzegile, mangera etab. erabiliz. Guztira herrian jaietan 14.860 kilo zabor batu dira.

GORA LIGOTEO SANOA, ERASO SEXISTARIK EZ!!

Indarkeria sexistarik gabeko guneari dagokionez, orokorrean, oso arrakastatsua izan zen ekintza. Gente ugari agertu zen eta interesa azaltzen zuten autodefentsa eta eraso sexisten gaien inguruan. Hurbildu zirenen gehiengo zabala emakumeak ziren baina bestalde esan, aniztasuna zegoela: haur, gazte, heldu zein zaharrak etorri ziren, herrikoak zein inguruko herrietakoak eta baita turistak ere. Guztira 700 bat lagun pasa ziren gunetik.

Jaietan orohar, ikusi izan da herritarrak eta kanpotik etorri direnak baita, eraso sexistei planto egiteko jarrera izan dutela.

Txosna Batzordekoek nahiz eta jaiak positiboki baloratu, bai azpimarratu dute pare bat neska txosnetara joan zirela laguntza eske mutilen akosoa salatzeko.

Potxuak Martxan emakume taldearen hitzetan, eraso hauek berehala bideratu ziren eta neska hauek lasai ibili ahal izan ziren. Herriko talde feministari ere eskertu euren bitartekaritza.

Lekeitioko Udalak zorionak eman nahi dizkio Jai Batzordeari, Emakumea eta Berdintasun Batzordeari, Antzar Batzordeari eta Txosna Batzordeari egindako lanagatik eta baita ekintzak aurrera eramatea posible egin dituzten udal langile,  banakako eta taldeei.

Eskerrik asko!!