Albisteak

 

Pasa den otsailaren 23an burututako Osoko Bilkuran Lekeition bizi diren 18-35 urte bitarteko gazteei zuzendutako etxebizitzen alokairurako diru-laguntzak ematea arautzen duen udal ordenantza onartu zen

Ukaezina da etxebizitza eskuratzeko arazoa dela gazteek emantzipatzeko daukaten oztopo nagusienetakoa eta beraz, Lekeitioko Udalak ahaleginak egin behar ditu etxebizitza politika publikoaren bidez alokairua sustatzeko.

Izan ere, alokairua sustatzea funtsezkoa da etxebizitza eskuragarriagoa izan dadin. Horregatik lan egin beharra dago etxebizitza arloan konponbideak eskaintzeko. Zehazki arrazoizko prezioan alokairuan emateko etxebizitzaren aldeko apustua egin beharra dago eta eskubide hori bermatzeko ezinbestean administrazioa subjektu aktiboa izan behar da.

Hori dela eta, Lekeitioko Udal Gobernuak 18 - 35 urte bitarteko adina duten eta Lekeition bizi diren gazteei zuzendutako etxebizitzen alokairurako diru-laguntzak martxan ipini ditu. Lehenengo aldia da Lekeitioko Udalak mota honetako diru-laguntzak martxan jartzen dituena eta 2017ko ekitaldirako 15.000,00.-euro bideratuko dira (bateragarriak dira beste erakunde batzuek kontzeptu beragatik ematen dituzten aldi bereko diru-laguntzarekin).

Gazteei zuzendutako diru-laguntza programa honekin lortu nahi dena da behar diren egoerak sustatzea gure gazteek arrazoizko prezioan etxebizitzak errentan hartu ahal izan dezaten eta, horrela, AUTONOMIA eta EMANTZIPATZEA lortzen laguntzea.

DIRU-LAGUNTZAK ESKATZEKO BALDINTZAK

Aipatutako diru-laguntza eskatzeko ezinbestean 18 - 35 urte bitarteko adina izan behar dute elkarbizitza unitateko kide guztiek, unitate horretan bizi diren menpeko adin txikikoak izan ezik, eta elkarbizitza unitatea osatzen duten pertsonetako bat gutxienez Lekeitioko udalerrian egon beharko da erroldatuta, gutxienez bi urteko etenik gabeko antzinatasunarekin.

Gainera, diruz lagunduko den etxebizitza Lekeitioko udal mugartean egon beharko da eta dagokion bizigarritasun baimena izan beharko du. Hala ere, salbuetsita egongo dira hilean 650,00.-euroko zenbatekoa gainditzen duten alokairuko etxebizitzak eta urte bete baino gutxiagoko iraupena duten alokairu kontratuak.

Bestalde, elkarbizitza unitateko eskatzaile edo kide batek ere ez du izan behar bere jabetzako etxebizitzarik, elkarbizitza unitateko pertsona guztiak diruz lagunduko den etxebizitzan erroldatuta egon behar dira alokairu kontratua formalizatutakoan, kontratua elkarbizitza-unitateko kide guztien izenean egon behar da eta onuradunaren eta errentatzailearen artean ez da egon behar inongo familia-loturarik odolkidetasun edo ahaidetasuneko bigarren mailaraino.

Beste baldintzetako bat da elkarbizitza unitateko diru-sarrerek ezin izango dutela gainditu 25.000.-euro gordin urtean (kide bakarraren kasuan) edo 35.000.-euro gordin urtean (bi kide edo gehiagoren kasuan). Banandutako edo dibortziatutako pertsonen kasuan, diru-sarreren guztirako zenbatekoa kalkulatzean kendu beharrekoak izango dira umeentzako mantendu pentsioari eta hileroko hipoteka kuotei dagozkien zenbatekoak.

DIRU LAGUNTZAREN ZENBATEKOA

2017. urtean deialdi honetarako aurreikusitako kopuru osoa 15.000,00.-eurokoa da eta gazteei zuzendutako alokairurako laguntza hauek bateragarriak dira beste erakunde batzuek kontzeptu beragatik ematen dituzten aldi bereko diru-laguntzarekin.

Diru-laguntzaren zenbatekoa gehienez ere hilabete bakoitzeko 100,00 eurokoa izango da eskaera bakoitzeko eta gehienez 12 hilabeteko epealdi baterako.

ESKABIDEAK AURKEZTEKO EPEAK

Etxebizitzen alokairurako 2017ko diru-laguntzen deialdirako eskaerak aurkezteko epea 2017ko maiatzaren 1ean irekiko da eta maiatzaren 31n itxiko da (biak barne). Eskaerak Lekeitioko Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira (Gamarra kalea 1), edo, bestela, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeko 16. artikuluak baimendutako edozein modutan eta, horrekin batera, araudian zehaztutako dokumentazioa gehitu beharko da.

ORDENANTZA