Albisteak

 

Lekeitioko Udalak 2017ko Otsailaren 23ko Osoko Bilkuran ondokoak onartu ditu:

1. Garabillako garaje-partzelak saltzeko baldintza-agiri berriak onartu dira. Udalak 34 partzela ditu salgai eta agiri berrien arabera banaka ala loteetan saldu ahal izango ditu. Loteetan salduz gero, partzelen prezioek beherapena izango dute hurrengo baremoen arabera (BEZ-a aparte):
• 2tik 5era: %5
• 6tik 10era: %7.
• 10 edo gehiago: %15.

Bestalde, partzelen prezioen eguneratzea ere onartu da, KPIaren igoera oinarri hartuz, hau da %0,5.

2. Arau Subsidiarioen UARc 19ko exekuzio-unitatearen aldaketa puntualaren hasierako onarpena eman da.

San Andres berritzeko lehen pausoak hasi ditu Udalak. Auzo hau Area Degradatu edota Lehentasunezko Eskuhartze Gune izendatzeko lanak hasiak dira eta horregatik auzo honen eta UARc-19 exekuzio unitatearen arteko mugak erregularizatu beharra dago. Horretarako, beharrezkoa den Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualari hasiera ematea erabaki da Osoko bilkuran UAR c-19ari dagokionez

3. Alde Zaharreko UE-4-an etxebizitza babestuari buruzko determinazioen aldaketa puntualaren hasierako onarpena eman da.

Lekeitioko Udalak, beheko kale 29an partzela dauka. Gune hau urbanizatzeko eta saneatzeko aldaketa puntuala egin behar da eremua arautzen duen Alde Historikoko Birgaitze Integratuko Plan Berezian. Horrela Udalak ulertzen du ez dela kudeaketarako arazorik egongo eta partzela hau urbanizatu ahal izango dela. Aldaketarekin urteetan zona honek izan duen arazoa desblokeatu egingo da eta irtenbidea eman. Beraz, hau horrela, Osoko Bilkurak UE-4 Exekuzio Unitatean (Beheko 29) babestutako etxebizitzen zehaztapenen aldaketa puntualen hasierari onarpena eman dio.

4. Lekeition bizi diren 18-35 urte bitarteko gazteei zuzendutako etxebizitzen alokairurako diru laguntzak ematea arautzen duen ordenantza onartu da.

Etxebizitza eskuratzeko arazoa da gazteek emantzipatzeko daukaten oztopo nagusienetakoa eta beraz, Lekeitioko Udalak etxebizitza politika publikoaren bidez alokairua sustatzeko baliabideak jarriko ditu. Izan ere, alokairua sustatzea funtsezkoa da etxebizitza eskuragarriagoa izateko.

Helburu hau lortzeko lanari ekin dio Lekeitioko Udalak herriko gazteei etxebizitza arloan konponbideak eskaintzeko asmoz, etxebizitza izateko eskubidea bermatzeko ezinbestean administrazioa subjektu aktiboa ere izan behar dela ulertzen baitu.

Hori dela eta, Lekeitioko Udalak 18 - 35 urte bitarteko eta Lekeition bizi diren gazteei zuzendutako etxebizitzen alokairurako diru-laguntzak martxan ipiniko ditu ordenantza Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

5. Lekeition araututako aparkaleku zerbitzuari buruzko ordenantza onartu da.

Lekeitioko Udalak, herritarrek daukaten aparkamentu arazoari egoki erantzuteko, 3 gune erreserbatuko ditu ekainaren 28tik Irailaren 10era:

1.- Paskual Abaroa Etorbidea, merkatutik hasi eta Talara arte, San Juan Talako barne.
2.- Basoaldea eta Eusebio Maria de Azkue, San Bixente Kalera arte.
3.- Zumatzeta kalea, Agirre Solarte 7. zenbakitik Sabino Aranara arte, Otxoa de Urkiza eta Buenaventura Zapirain.

Urtero, Udalak gune hauek handitu edo murriztu ahalko ditu.

Gune hauetan aparkatzeko, txartela eskatu beharko da Udaletxean eta horretarako baldintza batzuk bete beharko dira, besteak beste, autoa, Lekeition bizi den pertsona fisiko baten jabetzapekoa izatea.

6. Herritarren parte hartzerako ordenantza.

Lekeitioko Udalak, bere gestioaren gardentasuna eta informazio jarioa herritarrei helarazteko, araudi hau onartu du. Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek azken urteetan egindako lanaren emaitza da. Araudia, besteak beste, herritarren eta Udalaren arteko elkarrizketa eta hurbiltasuna hobetzeko eta kontuak emateko tresna izango da. Azken finean, herritarren partaidetza sakondu eta sustatzeko tresna.

Ordenantza honetan, udalaren jokabide parte hartzailea arautzeko neurriak ezartzen dira.