Albisteak

 

Azken urteotan parke osasungarriak edo kanpoko gimnasioak sortu dira, herritarrek eskura izan dezaten ariketa fisikoa egitea.

Ariketa fisikoa modu arin eta erakargarrian egiteko pentsatuta dauden elementuak eskaintzen dituzte parke osasungarriek. Ariketa fisikoak onurak dakartza alor fisiko, mental, sozial-emozionalean, besteak beste.

Parke horiek potentzial handia dutenez, Lekeitioko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuaren bidez, ariketa fisikoren praktika sustatu nahi du herrian dugun parkea erabiliz, Uribarren Abaroa egoitzan daukaguna hain zuzen. Parke hau urte osoan zehar dago herritarr orori zabalik eta guztiz doan.

Bizi ohitura osasungarriak bultzatze aldera, Lekeitioko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, adinekoei zuzenduta eta profesional baten laguntzaz ariketa fisikoa egiteko saioak antolatu ditu.
 

Maiatzaren 8tik hasita, ostegunero 11:30etatik 12:30etara 8 saio egongo dira Uribarren Abaroa egoitzako parkean.

5-20 pertsonako taldeak jasoko ditu saioak eta guztiz doan izango da.

Programa honetan parte hartu nahi dutenek, Jubilatuen Etxean edota Kiroldegian eman behar dute izena.