Albisteak

 

Otsailaren 7an, Lekeitioko Udalak, Bildu eta EAJren aldeko bozkekin ondorengo adierazpen instituzionala onartu zuten. Zentzu honetan, Lekeitioko Udalak bat egiten du Arkaitz Bellon Blancoren familiaren saminean/atsekabean eta bere elkartasuna adierazten dio familiari une latz honetan. Lekeitioko Udalak pertsona guztien giza eskubideak, bake eta bizikidetza egoera egonkorra defendatzen dauz, eta beraz, espetxe politikaren salbuespen egoerakin amaitzea aldarrikatzen dau. Adierazpen hau honako erakunde hauetara bidaliko da, giza eskubideen kontra doazen egoerak desagerrarazteko neurriak hartzeko: Ararteko, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila, Bizkaiko Foru Aldundia, Eudel, Gotzaindegia, Amnistía Internacional eta Legebiltzarra.

                                              ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Arkaitz Bellon Blanco Elorriarra Cadizko espetxean, bere etxetik 1.100km-ra hilda agertu da otsailaren 5ean. Bere zigorra osorik betetzeko hiru hilabete falta zitzaizkionean.
Heriotza honen aurrean, Lekeitioko Udalak bat egiten du Arkaitz Bellon Blancoren familiaren saminean/atsekabean eta bere elkartasuna adierazten dio familiari une latz honetan. Era berean irmoki eskatzen du Arkaitz Bellon Blancoren heriotzaren inguruabarrak berehala argitu daitezela eta familiak informazio guztia ahalik eta arinen izan dezala gardentasun osoz. Horregatik, Lekeitioko Udalak bat egiten du familiak eskatutakoarekin, konfiantzazko medikuak autopsian parte hartzea, alegia.
Lekeitioko Udalak pertsona guztien giza eskubideak, bake eta bizikidetza egoera egonkorra defendatzen dauz, eta beraz, espetxe politikaren salbuespen egoerakin amaitzea aldarrikatzen dau:
Egoera hau beti izan bada bidegabea, berau mantentzea erabat zentzugabea eta onartezina bihurtzen da gure herrian zabaldu den errealitate berrian.
Gauzak honela, salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea eskatzen dugu, herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duenarekin bat eginez. Sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia da.
Horretarako, eskaera hau luzatzeaz batera, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu eskubide guztien alde egiten dugunon indarrak bat egitea sufrimenduaren soka luze honekin lehenbailehen amaitzeko.
Egun indarrean dagoen espetxe politika eta sakabanaketarekin amaitzeko gu guztiok beste urrats bat egitera goaz eta horretarako gonbidapena luzatzen dizuegu.
 

Adierazpen hau honako erakunde hauetara bialtzea proposatzen da, giza eskubideen kontra doazen egoerak desagerrarazteko neurriak hartzeko: Ararteko, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila, Bizkaiko Foru Aldundia, Eudel, Gotzaindegia, Amnistía Internacional eta Legebiltzarra

                                                   Lekeition, 2014ko otsailaren 7an