Albisteak

 

LEKEITIOKO UDALAK ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA  HOBETU AHAL IZANGO DU LA CAIXAKO DIRU LAGUNTZA BATI ESKER

Uztailean, Lekeitioko Udalak La Caixako ekintza sozialeko atalari "Laguntza Teknikoen Zerbitzua" deritzon programarako diru-laguntza eskaera egin zion eta La Caixak eskaerari baiezkoa eman zion. Honek eman duen diru-laguntzari esker, Etxeko Laguntza Zerbitzua jasotzen duten lekeitiarrei arreta hobetzera aldera, baliabide tekniko egokiak erosteko aukera izango du Lekeitioko Udalak.

Etxeko Laguntza Zerbitzua dependentzia egoeran dauden pertsonei  ematen zaie.  Zerbitzu publiko soziala da, osoa, balio askokoa, eta komunitarioa. Prebentziora eta asistentziara zuzendua dago, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko arazoak dituzten pertsona eta bizikidetza unitateentzat pentsatua.

Etxean bertan laguntzen zaie, eta ahal den bitartean norberaren etxean bizitzen laguntzeko da, beren ohiko ingurunean iraun eta molda daitezen errazteko eta beren autonomia funtzionalaren murrizketa konpentsatzeko beren beregiko interbentzioak egiten dira.

Zerbitzuak laguntza pertsonala, etxeko laguntza eta konpainia eskaintzen du.

Egun Lekeitioko Udaleko Etxeko Laguntza Zerbitzuak dependentzia egoeran dauden 42 bizikidetza unitateri egiten dio arreta, zuzenean 48 pertsonaz arduratzen direlarik. Horietako 33 pertsonei dependentzia mailaren bat aitortu zaio.

Etxeko Laguntza zerbitzua 7 udal langilek ematen dute eta hauek ordeztu behar diren kasuetarako beste bi laguntzaile egoten dira.

Lekeitioko Udalak arlo honetan kalitatezko zerbitzua ematen jarraitu nahi duenez, onuradunei arreta egokia eman nahi zaie beraien autonomia pertsonala handitzen lagunduz, zerbitzura zuzendutako denbora optimizatuz eta zerbitzua ematen ari diren langileen lan arriskuak ekiditen lagunduko dituzten neurri egokiak ezarriz.

Horren arira, dependentzia handiagoa duten kasuetan, beharrezkoa da Etxeko Laguntza Zerbitzua ematen duten langileek laguntza teknikoak izatea. Horregatik, Lekeitioko Udalak "Laguntza Teknikoen Zerbitzua" deritzon programa landu du. Programaren helburu nagusia etxeko laguntza zerbitzuko onuradunei egunerokoan ematen zaien arreta hobetzea da eta horretarako zerbitzua ematen duten langileek baliabide tekniko egokiak izan behar dituzte. Helburu zehatzak berriz, ondokoak lirateke:

  • Zaintzaileei (profesionalei zein informalei) laguntza eskaintzea dependentzia egoeran dauden pertsonen eguneroko oinarrizko beharrizanak egitea errazteko.
  • Laguntza teknikoen erabilerari zabalkundea ematea, alde batetik etxe istripuak saihesteko eta bestetik, mugatuta baina laguntzarik jasotzen ez duten pertsonak beraien etxean moldatzen errazteko.
  • Lekeitioko Udalak laguntza teknikoak maileguan uzteko udal zerbitzua martxan jartzea. Horretarako, erabilgarri egongo diren laguntza teknikoen katalogoa egingo da eta baita hauek eskuratzeko baldintzak zehaztu.

Hau horrela, La Caixak emandako diru laguntzarekin (4.121,43 euro), Lekeitioko Udalak, hiru posizio dituzten ohe elektrikoak, bainerarako eserleku jasogailuak, ohe konoen jasogailuak, etxe barrurako taka-takak, manikurarako tresnak, transferentziazko disko birakariak eta oherako buru garbitzaileak erosiko ditu.