Albisteak

 

Lekeitioko udalak Eusko Jaurlaritza eta Lekeitioko EAJko ordezkariek izandako jarrera salatu nahi du. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Lekeitioko EAJk, alderdi horrek deitzen duen hitzaldi batean, Lazunarri moilaren inguruko obren aurkezpen publikoa egiteko asmoa daukate. Eusko Jaurlaritzak garatuko duen obraren aurkezpen hitzaldia administrazio publikoak egin beharko luke; ez EAJk.
 
Ordezkari publikoak herritar guztiekiko betebeharra daukate eta ez bakoitzaren alderdiarekikoa bakarrik. Udalari ez zaio egokia iruditzen karguak emandako informazioaz baliatzea alderdi konkretu baten mesedetan. Alderdikeriaz jokatzen daude, informazioa EAJren interesetan erabiltzen ari dira. Modu horretan langile publikoak egindako lanaz jabetu nahi dira, administrazio publikoaren baliabideak alderdiaren mesedetara erabilita.

Horrelako jarrerek administrazioen arteko kolaborazioa oztopatzen dute. Modu horretan, orain arte elkarlanean egindako lan guztia zalantzan jartzen da. Lekeitioko herritar guztien ordezkari den udalarekiko desleiala dela deritzo udalak. Era berean, Jaurlaritzaren partetik, informazioaren erabilera alderdikoia eta interesatua sumatzen da, oposizioan dagoen alderdiaren bidez, herritar guztiena den gai hau lantzerako orduan.. Lazunarriko obren aurkezpena Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin egin beharko lukete. Herritar guztientzako espazioa hori delako. Zer dela eta plazaratu nahi da informazio hau EAJ alderdiaren bitartez?

Aipatutakoa kontuan izanda, udalak Lekeitioko EAJri eta Jaularitzako Garraio Azpiegituren zuzendariari erantzukizunez jokatzea eskatu dio. Momentu honetan irtenbiderik egokiena hitzaldia bertan behera utzi eta dagokionean udalak eta Jaurlaritzak elkarrekin deialdi orokorra egitea litzateke.

Udalak atzoko prentsatik jakin zuen Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Lekeitioko EAJko hitzaldi batean Lazunarri moilaren konponketa lanen berri emango dutela. Alderdi politikoak antolatutako batzar horretara Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuordea, Kultura Ondarearen Zuzendaria eta Garraio Azpiegituren Zuzendaria etorriko dira azalpenak ematera.

Gai honi buruz udalak hasiera hasieratik abiatu zuen elkarlana, kontu hau kudeatzeko ardura zuten erakunde guztiekin, bai EAE mailakoak zein estatu mailakoak. Proiektuarekiko iradokizunak eta ekarpenak ere egin ditu, besteak beste, moilaren konponketaren inguruko arkeologia beharrizanak txertatzera begirakoak, zein paisaian gerta daitezkeen inpaktuen gainekoak. Egun, obraren inguruan Jaurlaritzako ordezkariek argitu ez dituzten zalantzak dauzka udalak: ondarearekiko babes egokia, paisaian edukiko duen eragina... Erantzuna hitzaldian emango da?

Era berean, udala aztertzen ari da gutun bat bidaltzea lehendakaritzara, gaiaren inguruko kudeaketaren desegokitasuna adierazteko eta udalarekiko zein herritarrei erakutsitako errespetu falta adierazteko.