Albisteak

 

Lekeitioko Udaleko haur eta gazteen arloko politikak zein beste arlo batzuetako zeharkako politikak ezartzeko eta bultzatzeko, Lekeitioko Udalak  dinamizazio zerbitzua kontratatu nahi du.

Helburua Kidegune eta Gaztegunean aisialdiko ekintzak eta gazteentzako topagune bat eskeintzea da, haur eta gazteen protagonismoa ardatz izanez.

Zerbitzu berrian haur eta gazteek ekintzak egiteko duten autonomia errespetatu eta sustatuko dira. Bestalde, gaitasun pertsonalak deskubritzea eta bideratzen laguntzea helburu duen zerbitzua ere izango da.

Udal zerbitzua Lekeition erroldatuta dauden familiei zuzenduta dago eta L.H eta D.B.H ikasketak egiten ari diren  haur eta gazteei eskainiko zaie.

Lekeitioko Udalak 2016an adierazi bezala, Gazteguneko eraikinaren teilatua konpondu da eta orain aisialdi zerbitzua jarriko da martxan.

Azken urteetan, eraikinak,  arazoak izan ditu teilatuan. Ez konpontzearen ondorioa itoginak agertzea izan da eta egoera horretan haur eta gazteentzako aisialdi zerbitzua ematea ez zen batere egokia.

Hori horrela, 2016 bukaeran arazoari irtenbidea eman zion Udalak eta egun Gazteguneko teilatua konponduta dago. Konponketak 39.530,05 euroko kostua izan du.

Hurrengo urratsa, Gaztegunearen kanpoaldean dagoen igogailua konpontzea izango da zeina urteetan baita ere egoera kaskarrean dagoen eta segurtasun neurri bezala itzalita dago. Beraz, 2017an eraikinera irisgarritasuna ematen duen igogailua konpondu egingo du Udalak eta horretaz gain, eraikinean bertan ere beste hobekuntza batzuk egingo ditu.

Haur eta gazteei zuzendutako Aisialdi Zerbitzua kudeatzeko lizitazioan proposamenak aurkezteko epea zabalik dago otsailaren 15era arte. Lizitazioaren prezioa 50.000,00€-koa da, BEZ barne.

Lizitazioaren oinarriak eta informazio gehiago www.lekeitio.eus web orrialdean dago eskuragarri.