Albisteak

 

Lekeitioko Udalak, bere haur eta gazte politikaren barruan Udal Ludoteka, Kidegunea, Gaztegunea eta Udaleku irekien zerbitzu publikoa esleitu dio Lekeitioko Karkabia Aisialdi Elkarteari. Udalaren helburua aisialdiko aukera osasuntsu bat eskaintzea da. Gazteentzako topagune, heldutasunera iristeko prozesuan, autonomia lortzen eta aisialdiaz modu partehartzaile, sortzaile eta aktiboan gozatzeko.

Lekeitioko Udalak, Gazteguneak udalari suposatzen dion diru kantitatea behar den moduan erabiltzen dela ziurtatzeko hausnarketa prozesu bat eraman du aurrera 2013-2014 ikasturtean. Hain zuzen ere, ezinbestekoa deritzogu, gazteek zer nahi eta behar duten adostea, Gaztegunearen zerbitzuak behar horiei erantzun behar dielako. Udalaren ustez, GazteGunea gazteek berek diseinaturiko espazio bat izan behar da. Aurreko eredua, espazioa jarri eta gazteak bertara moldaraztea zen, normalean emaitza positiborik lortu gabe. Gazte gunea, hainbeste diru xahutzen zuen azpiegitura bat izan da orain arte. Batez ere, gazteen parte hartze barik antolatutako espazioa/zerbitzua zelako. Hori horrela, 2013ko urritik, PALPALIAN prozesua eraman zen aurrera,  haur eta gaztekin beraien aisialdi eredua aztertu eta beharrizanak identifikatzeko.

8 hilabeteko prozesuaren ostean, aurrerantzean Gaztegunean eman beharreko zerbitzuaren nondik norakoak zeintzuk izan behar diren zehaztea lortu dugu. Udalaren ustez, Haur eta Gazteriaren zerbitzua etorkizunean inbertitzea da. Hala ere, inbertsio horiek zehaztasunez egin behar dira, diru publikoa xahutu barik.  Hori horrela, uda hasieran ateratako zerbitzuaren esleipen publikoa 90.000€tan zehaztu zuen udalak. Aisialdi elkarte ezberdinak udalarekin harremanetan jarri ziren, zehaztapen eske. Aisialdi elkarte bakarra, Karkabia, egokitu zen udalak jarritako baldintza ekonomiko eta hezitzaileetara.

Horrela, Karkabia aisialdi taldeak, oinarrietan zehaztutako baldintzak betetzeaz gain, zerbitzuaren kostua 74.380€tara jeitsi du, 2012koarekin alderatuz ia kostuen erdia aurreztuko da (144.495,09€ 2012an). Egindako kontratua bi urtetakoa da, luzagarria beste bi urtez.
 
Aisialdi zerbitzua beti ere eremu hezitzaile moduan ulertzen du udalak, non protagonistak haur eta gazteak izango diren. Aisialdi zerbitzuaren helburuak izango dira, ekintzak egiteko duten autonomia errespetatzea eta sustatzea, eta gaitasun pertsonalak deskubritzen eta bideratzen laguntzea. Aisialdi zerbitzuak gainera, aniztasuna irizpide moduan, perfil ezberdinetako gazte guztiei parte hartzeko aukera eman nahi die eta jendartearen integrazioa bideratzeko baliagarri izatea du jomuga. Gainera aisia eskaintzak balore positiboak sustatu nahi ditu Lekeitioko haur eta gazteengan: elkarbizitza, lankidetza, elkartasuna, konpromisoa, erantzukizuna, ardura, autonomia, emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna ahalbidetzea eta bermatzea, aniztasuna, tolerantzia e.a.

Aisialdi zerbitzuen helburu garrantzitsu bat haur eta gazteen arteko harremanak eta ezagutza bultzatzea da, beraien arteko talde lana bultzatuz. Gainera haur eta gazteen iritziak kontuan hartu eta beraien parte hartzea sustatu nahi dira hasiera hasieratik. Bide batez, gurasoen parte hartzea ere sustatu nahi du zerbitzu berriak, ekintzetan parte hartuz edota antolatuz. Euskara ardatz izango du aisialdi zerbitzuak eta euskal kultura sustatzen duten ekintzak eta programak bultzatuko ditu.

2014-2015 ikasturtean beraz ondorengo zerbitzua izango da:

  1. LUDOTEKA: 3-5 urtekoak. Kultur Etxean. Ostiral eta larunbat arratsaldetan. 17:00-20:00etara.
  2. KIDEGUNEA: 6-11 urtekoak. Gaztegunean. Ostiral, larunbat eta igande arratsaldetan. 17:00-20:00etara.
  3. GAZTEGUNEA: 12 urtetik gorakoak. Gaztegunean. Ostiral eta  larunbatetan 18:00-23:00 eta igande arratsaldetan 18:00-20:00etara.
  4. UZTAILEKO UDALEKO IREKIAK: Goizeko 10:00-13:00etara.

Karkabia aisialdi taldeak gainera, zerbitzua optimizatzeko hobekuntzak proposatu ditu:

  1. GAZTE INFORMAZIO SAREA PROIEKTUA: 2013-2014an aisialdiaren instalakuntza eta zerbitzuen inguruan emandako hausnarketa kontuan izanda, gazte bulegoa espazio fisiko moduan eraginkorra ez dela ikusi da. Gazteak etortzera itxaron baino, sarera egin behar da salto, bertan baitaude gazteak. “Gazte informazioa sarean” proiektuak lana, formakuntza, bekak edota aisialdiari buruzko informazioa zabalduko du sarean.
  2. HILEROKO GAZTE EKINTZAK: Joan den ikasturtean arrakastatsuak izan ziren gazte ekintzak errepikatzea eta jarraipena ematea proposatzen da. Pasadan ikasturtean 50-60 gaztek hartzen zuten parte gazte ekintzetan, kuadrila eta sexu ezberdinetako jendea nahasten zelarik. Horrela ba, asteburutan arrazoi ezberdinengatik gazte gunera hurbiltzen ez den gazteengana heltzeko, Gazte gunetik kanpo egiten diren ekintzak lirateke. Ekintzen antolaketan gazteen inplikazioa bilatuko da.
  3. UDALEKU IBILTARIA: 12 urtetik gorakoentzako udaleku ibiltaria izango da. 2009tik Karkabiak bere kabuz antolatzen dituenak. Gazteek beraiek erabakitzen dute ibilbidea, egitaraua, lo egiteko tokiak etab. Ahalduntzea eta autonomia garatzen laguntzen ditu udalekuek.
  4. HERRIKO HAUR ETA GAZTEENTZAT URTEAN BI IRTEERA: 2014an ateratako beste ondorio nagusietako bat, herriko ikastetxeetako haur eta gazteen aisialdi komun gutxi dagoela izan zen. Horri erantzunez, urtean bi irteera egingo dira herritar, guraso, haur eta gazteak batuko dituena: Olentzeroren etxea ikusten joatea eta Txuriurdinera patinatzen joatea proposatzen da printzipioz.
  5. LOKALEN ARTEKO SAREA: Aurreko ikasturteko hausnarketan, 15 lokal inguru identifikatu ziren. Lokaletan herriko nerabe gehienak batzen dira, bere espazio propioa izatearen beharrizanak eramaten die bertara. Tamalez, kuadrilen eta lokalen arteko harremanak urritzen ditu. Harremanak sustatzeko, lokalen arteko sare bat antolatzea proposatzen da. Beraiek erabakitzen duten maiztasunaz, lokal bakoitzak, gainerako gazteei ekintza bat antolatzea beraien lokaletan. Zentzu honetan, gazteek ekintza bat antolatzeko konpromisua hartzeaz gain, bere lokaleko ateak zabaltzea lortuko litzateke, elkar-ezagutza bultzatuz.