Albisteak

 
Azaroaren 3an, Lekeitioko hiribilduak 691 urte betetzen ditu eta hau ospatzeko herriko ondareari buruzko jardunaldiak antolatu ditu.

Aintzina, gaur eguneko Lekeitio kokatua dagoen lekuan, arrantza mundutik bizi zen Bizkaiko Elizate-Elkartasuneko kontzeju edo herri bat zegoen. Biztanleria Santa Maria elizaren inguruan ezarrita zegoen. Portuan, Arranegi kalea zen arrantzale familien gunea; Dendari kalea, ostera, merkatari gunea. Azken hori, gainera, barru aldera abiatzeko bidea zen (Atea).

1325. urtean Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak fundazio karta eman zion Lekeitioko elizateari. Horrela hiribildu bihurtu zen herritxoa eta zenbait onura juridiko, merkatal, fiskal, militar, eta baita erlijioso ere eskuratu zituen.

Kartak hiriko mugak ere ezarri zituen eta, eurok zirela-eta borroka batean ibili ziren alboko elizate eta burdinolekin. Harrezkero Alfonso XI.k berretsi egin zuen sorrera karta 1334.ean. Eta berorren agintaldian eraiki ziren hiriko harresiak, nahiz eta hesi bat fundaziozko karta baino lehen ere egon.

Lekeitiarrei euren forua edukitzeak autonomia zabala ematen zien herriko administrazioaren kudeaketan. Baita lehen mailako epaiketetan, hiriaren bilakaeran, jarduera ekonomikoetan eta baita gaurko Udalbatzaren baliokideko Kontzejuko kargudunak izendatzean ere. Kontzejua alkateak eta errejidoreak osatzen zuten. Alkateak batzarburu egin, erabakitako dekretuak onartu eta, euren kalitatezko botoa zela-eta, errejidoreen arteko istiluak ebazten zituen. Baina bereziki epailea zen.  Kartak Santa Maria elizaren patronatua eman zion hiriari. Horretara, hiria parrokiaren ondasunen jabekide bihurtu zen, parrokiaren errenten administratzaile, eliz-gizonen izendatzaile eta parrokia apaintzeko arduradun.

Lekeitioren historia ofiziala beraz 1325. urtean hasi zen. Azaroaren 3an, Lekeitioko hiribilduak 691 urte betetzen ditu.

Urteurrena ospatzeko, Lekeitioko Udalak ondoko ondare jardunaldiak antolatu ditu:

  • Urriaren 28an, barikua, arratsaldeko 19:00etan Azkue aretoan:
    • Hitzaldia: “ZENTIMORIK GABE”. Koldo San Sebastian. Gaztelaniaz.
  • Urriaren 29an, arratsaldeko 18:00etan Azkue aretoan:
    • Hitzaldia: “LEKEITIO, ZITA ENPERATRIZAREN DENBORETAN”. Jose Maria Arriola. Gaztelaniaz.
  • Azaroaren 3an, eguena: hiribilduaren 691. urteurrena. BOLANDERAK botako dira Udaletxetik.
  • Azaroaren 5ean, zapatua, goizeko 11:00etan Santa Maria elizan:
    • Hitzaldia: “ERRETAULA NAGUSIA”. Juan Garcia Crisal maisuaren heriotzaren 500. urteurrena dela eta. Jesus Muñiz Petralanda. Gaztelaniaz.
  • Azaroaren 12an, zapatua, goizez eta arratsaldez:
    • LEKEITIOKO TOKI-HISTORIARI BURUZKO JARDUNALDIA: hiru hitzaldi eta bisita-gidatua (egitarau propioa).
  • Azaroaren 19an, zapatua, eguerdiko 11:00etan Azkue aretoan:
    • Liburuaren aurkezpena: LOS GOYTISOLO, UNA PRÓSPERA FAMILIA DE INDIANOS, Martín Rodrigo y Alharilla idazlearen eskutik. Agustín Goytisolo Lezarzaburu, arotz lekeitiarra, gazte bat baino ez zen 1833. urtean Cubara aldeteko erabakia hartu zuenean.
  • Azaroaren 26an, zapatua, goizeko 11:00etan Azkue aretoan:
    • Hitzaldia: LEKEITIOKO ARMINTXEKO KOBAN AURKITUTAKO ERLIEBEAK. Juan Carlos Lopez Quintana,  arkeologoa eta Santimamiñeko indusketen zuzendaria, Cesar Gonzalez Sainz, Cant abriako Unibertsitateko Prehistoria katedratikoa eta Xabier Gezuraga (ADES-Gernika).