Albisteak

 
Maiatzean zehar, Udal eta eskualdeko teknikari, aditu eta herri eragileek Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerapenari ekingo diote.

Herriarentzako garrantzitsua den prozesu bati jarraipena emango dio Lekeitioko Udalak, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari (HAPO) alegia.

HAPO Hirigintza-plangintzarako tresna da. Lursailen lege-araubide aplikagarria zehaztuz, udalerria osatzen duten lursail guztien helburua definitzen du industriarako, etxebizitzarako, espacio libreak, ekipamenduak, azpiegiturak, aparkamenduak,  ondarea, babesa, e.a…)

Gaur egun indarrean dauden Arau Subsidiarioak edo HAPO 1992. urtean onartu ziren HB alkatetzan zegoela.  Arauak, zortzi urterik behin errebisatu behar dira. Lekeition azken 20 urteetan ez da hau gauzatu, nahiz eta aldaketa puntual ugari izan dituen gure arauak.

HAPO egiteko azken saiakera 2009-2011ko legealdian izan zen baina azkenean ez zen gauzatu. Hurrengo 8 urteetan aplikatzeko, HAPO berri bat onartzeko garaia dela deritzo Udal gobernuak.
 
Hau horrela, besteak beste, aurreko urteetan egin diren prozesu partehartzaileetan jasotako informazioaz baliatuz, HAPOaren lanketan aurrerapausu bat eman nahi da. Horretarako lantalde bitartez, hainbat arloetako teknikariek, adituek eta herriko eragile eta jorratuko diren gaietan ezagupena daukatenek eztaibaidari ekingo diote.

Maiatzaren 12an hasteko dira martxan eztabaida gune hauek, eta landuko diren gaiak hurrengo hauek izango dira:

  • Ondare kulturala eta naturala.
  • Jarduera ekonomikoak (industria, turismoa, arrantza, merkataritza, …..).
  • Etxebizitza ( babestua, berria, birgaitzea).
  • Hornidurak (espazio libreak, ekipamenduak, mugikortasuna, azpiegiturak, herri zerbitzuak).

Lantaldeek adierazitako ekarpenak hirigintzan espezializatuak dauden profesionalek batuko dituzte ondorio-txosten batetan eta Udalak aurretik egin dituen partehartzaile prozesuetan jasotako informazioarekin batera, udazkenean herriratu egingo da bere eztabaidarako.

HAPOaren lanketa honetan, euskara eta genero ikuspegia zeharkakoak izango dira.

Prozesu hau, adostasun zabaletara heltzeko asmoarekin jartzen da abian.