Albisteak

 

Aldaketa bat emango da udazkenean martxan jarriko den Hondakinen Bilketa Sisteman. Hasiera batean txip bidezko edukiontzietan eta barra kodedun poltsekin egin behar zen hondakin errefusatu eta organikoen bilketa. Horrela hondakinen sailkapenean egiten ziren akatsak identifikatu eta hobeto birziklatzeko neurriak hartu ahalko ziren. Alabaina, Lekeitioko Udalak herritarrekin aurrera eraman duen parte-hartze prozesuan ondorioztatu da nahiago dela hondakin organikoak edukiontzi bidez jasotzea. Gainera, herritarrekin eta Ingurumen Batzordeko partaideekin egindako bileretan ikusi da sistema horrek %70eko bilketa tasa lortzeko aukera ematen duela. Eta tasa hori da, hain zuzen ere, Lekeitiorako aurreikusten zena.
 
Hondakin sistema aproposa behin definituta, udala zehaztapen teknikoak egiten hasi zen, Lekeition sistema berria nola inplementatu jakiteko. Helburu hori betetzeko asmoz, horretarako kontratatu ziren teknikariek Bilketa Sistemaren alde guztiak aztertu zituzten. Eta %70eko birziklapen tasa lortzea helburu legez jarrita, hondakinen asteroko jarraipena egingo zen, akatsak identifikatu ahal izateko. Horrek, baina, Bilketa Sistemaren kostu ekonomikoak nahi baino gehiago handitzen zituen eta horregatik udalak aldaketa batzuk egitea proposatu du. Proposamen berriak kontuan hartzen ditu parte hartze prozesuan herritarrek adierazitako nahiak; eta horrela ekidin nahi dira Hondakin Bilketa Sistemaren gainean sortu diren tentsioak. Udalak uste du proposatuko den sistema berriak ahalbidetuko duela %70eko birziklapen tasa lortzea, eta erosoagoa izango dela herritarrentzat.

Hori guztia kontutan izanda, proposatzen den bilketa eredua Hondakinen Jarraipenezko Sistema izaten jarraituko du, baina honelako berezitasunekin:

  • Organikoa: Kalean jarriko diren edukiontzi marroien bidez bilduko da. Ez da barra kodedun poltsarik erabiliko eta herritarrek edukiontzia zabaltzeko giltza edo txartel bat izango dute.
  • Errefusatzekoa: Astean behin aterako da horretarako banatuko den ontzi grisetan. Errefusatzekoa, birziklagarria ez den zatia alegia, zabor kopuru osoaren %10 baino gutxiago da. Eta poltsa honetan ez da material ustelgarririk egongo, organikoa beste batean doanez gero. Beraz, errefusatzekoak ez du usainik botako, eta oso leku gutxi okupatu, gainera. Astean behin botatzea nahikoa izango da.
  • Papera eta kartoia, ontzi arinak eta beira: Orain arte bezala, edukiontzi hauek kalean mantenduko dira.
  • Edukiontzi zuria (arropak, liburuak…) eta olioa: Edukiontzi hauek ere beti legez mantenduko dira.
  • Edukiontzi berdea: Hondakinen Bilketa Sistemaren bitartez gaikako bilketa orokorra eta derrigorrezkoa da. Horregatik zabor nahasientzako edukiontzi berde handiak desagertuko dira kaleetatik.

Aurrerantzean ere herritarrekin kontrastatuko dugu sistema berriari buruzko informazio zehatzagoa, batzar zabal, triptiko eta beste prozesu batzuen bidez.