Albisteak

 

Irakurketa sustatzeko, euskarazko literatura ezagutarazteko eta liburutegiaren erabilera bultzatzeko, Lekeitioko Udalak IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU, 1001 MUNDU, egitasmoa jarriko du martxan martxoaren 20tik maiatzaren 31ra.

Hiru pausu eman behar dira ekimenean parte hartzeko:

1.- Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, Lekeitioko liburutegira  joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango da.

2.- Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta honi buruzko iritzia eman. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango du, Aralde liburu dendan erabiltzeko.
 
3.- Oparitu. Azken pausoa, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango du.

Egitasmoaren helburu nagusiak irakurzaletasuna bultzatzea, literaturarekin gozatzea eta gozaraztea dira, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.

Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi dira:

* Liburutegiaren  erabiltzaile aktibo izateko gonbitea egitea.

* Era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea.

* Ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.

"Irakurri, Gozatu eta Oparitu” egitasmoa martxoaren 20tik maiatzaren 31ra arteko iraupena izango du. Hortaz, bi hilabeteko iraupena izango du kanpainak liburutegian.

Gainera, hileko parte hartzaileen artean 30€ko erosketa-txekea zozketatuko da liburutegian.