Albisteak

 

Lekeitioko Udalak hainbat Jabekuntza ikastaro antolatu ditu. Ikastari horien helburua da adin ezberdinetako emakumeengan autonomiaren garapena eta genero jabetza sustatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. planean aurreikusten den helburuetariko bat hain zuzen ere.
 
Kontzientzia-hartze prozesu bat da jabekuntza, maila indibidual eta kolektiboan ematen dena. Prozesu honen bidez bilatzen da erabaki guneetan, boterearen erabileran eta gizarte eraldaketan emakumeen parte-hartzea handitzea. Alabaina, jabetzea prozesu pertsonala da, norberari gertatzen zaion zerbait. Inork ezin du beste inor jabetu. Hala ere, erakundeek emakumeen eta emakume taldeen prozesuak sustatu ditzakete. Hori da, hain zuzen ere, ikastaro hauekin bilatu nahi dena.

Horrela bada, maiatzaren 30ean eta ekainaren 6an “Sentitu, pentsatu, ekin eta mugitu: autoestimua lantzeko ikastaroa” antolatu dira. Gazte Gunean burutuko dira, arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara. Ikastaro honetan gorputzari eta mugimenduari garrantzi berezia emango diogu eta burua eta arrazoia bezainbeste landuko ditugu gorputza eta emozioak. Ikastaroan zehar gure arteko bizipenak konpartitu eta elkarrekin ikasteko aukera paregabea izango dugu. Batez ere gure barne eta kanpoko eraldaketan eragiteko proposamenak botatzeko, entzuteko eta aktibatzeko aukera izango dugu! Dohaineko ikastaroa izango da baina plaza mugatuak ditu. Beraz, maiatzaren 27a orduko izena eman beharko da. Horretarako hiru aukera daude: goizez udaletxean edota 946034100 telefonora deituz eta baita ere berdintasuna@lekeitio.com helbidera idatzita.

Irailaren 27an, bestetik, “Historian zehar esanguratsuak izan diren emakumeak ezagutzeko” bisita gidatua eta ikastaroa egingo da. Honek Bizenta Mogel izango du ardatz.

Azkenik, urriaren 18an, emakumeon autonomia sustatzeko “Bizikleta mekanika tailerra” burutuko da.

Ikastaro hauetaz gain, Gabon osterako proposamen gehiago zabalduko dira.