Albisteak

 

Haurtzaroa, bizitzako aldi erabakigarria da. Etapa honetan pertsonen rol sozialak, autoestimua, errespetua, lankidetza eta beste hainbat balore finkatzen baitira.

Umeek jolasen bitartez ezagutu eta besteekin erlazionatzen ikasten dute. Jolas eta ipuinek funtzio hezitzailea dute eta arrazoi horregatik ezin daiteke elementu neutraltzat hartu.

Jolasek ez dute sexurik. Ez dago nesken jostailuirik eta mutilen jostailurik. Pertsonak sexuka bereiztea erabaki kulturala da.

Jolas  eta  ipuin  ez sexisten  helburuak ondokoak dira:

*Sexuari loturiko genero rolak ez errepikatzea.
*Pertsona moduan, gaitasun anitzak bultzatuz, osotasunez garatzen laguntzea.
*Estereotipo sexista eta indarkeriaren transmizioa sahiestea.
*Eredu zabal eta ez itxietan jolasteko aukera ematea.
*Bizitzako eredu berri bat bultzatzea, jasangarritasunean, erantzunkidetasunean eta parekidetasunean oinarrituta.

Gidan adin  bakoitzerako egokiak  diren  jolasak zehazten dira eta baita gako batzuk adierazi hezkidetza sustatzen dituzten ipuinak aukeratzeko. Ipuin batzuk ere gomendatzen dira adinaren arabera, guztiak euskaraz.

Gidak Kontsumobide - ren diru-laguntza jaso du eta ikastetxeen bidez helarazi dira familietara, Kitto Merkatari Elkarteko kideen artean ere banatu dira eta udal eraikinetan ere eskuragarri daude.

Bestalde, honen harira,  eta Kontsumobideren laguntzarekin baita, “Haur jolasa” Ipuin antzeztua egongo da abenduaren 26an 18:00etan Kulturetxeko Txitxin tokian 4 urtetik gorako haur eta familentzat Apika taldearen eskutik. Bakar eta Bikar langileek lan berezi bat daukate: bi multzotan banandu behar dute jostailu pilo bat. Bizitzan gertatutako pasadizoak eta beste istorio batzuk kontatuz jostailu guztiak neskentzako eta mutilentzako direla konturatuko gara. Denok jolasten badugu askoz hobeto, ezta?