Lekeitioko Udalak aste batzuk barru auzoko azterlan sozio urbanistikoa eta bere birgaitze integratuko plan berezia egiteari ekingo dio.
Helburua, San Andres auzoa “lehentasunezko eskuhartze gunea” izendatzea da. Izendapen hori lortuz gero, bai Udalak eta baita auzokideek konponketa lanak egiteko diru-laguntza jasotzeko traba gutxiago izango lituzkete.
Auzokoekin hainbat batzar izan ditu Udalak, emango diren pausuei buruz azalpenak emateko alde batetik, eta bestetik, proiektua zehazterakoan eta garatzekoan auzokideen elkarlana, ekarpenak, proposamenak etab. oinarrizkoak izango direla adierazteko.
San Juan pasealekua berriztatzeko egin zen bezala, Udalak San Andres auzoa berriztatu ahal izateko jabetza pribatukoak diren lur batzuk ere auzoaren eta azken finean herritarren onurarako, eskuragarri izan behar dituela ere azaldu zitzaien auzokideei. Udalak auzokide guztien adostasuna izan du auzoaren berrikuntza egiteko beharrezkoak diren jabetza pribatuko lurrak lagatzeko eta erabilera publikoko lur bihurtzeko.
Auzokideekin izandako elkarrizketetan eta beraien eskaerei erantzunez - parte-hartzeari eta erabakitzeko eskubideari dagokionez- Lekeitioko Udalak eta gaur egunean Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko eta/edo koalizioek (EHBilduk eta EAJ-PNV-k) 2017ko urtarrilaren 12an Osoko Bilkuran aho batez konpromiso agiri bat onartu zuten. Agirian hurrengo konpromisoak hartu ziren:
1.- San Andres auzoaren biziberritze lanen jarraikortasuna bermatzeko, Lekeitioko udalean ordezkaritza duten bi tolde politikoek auzokideekin botera, parte hartze aktiboa izango dute prozesu guztian.
2.- Lekeitioko Udalak urbanizazio proiektua lantzerako, zehazterako eta onartzerako orduan auzokideen parte-hartzea eta elkarlana bermatuko dituela hitz ematen du. Proiektua lantzerako, zehazterako eta onartzerako orduan auzokideekin parte-hartze prozesu bat martxan jarriko da.
3.- Hau horrela, eta San Andres auzoa biziberritzeko proiektuak alternatiba ezberdinak izango balitu, San Andres auzoko auzokide-jabeek erabakitzeko eskubidea izango dute. Erabakitze eskubide hau kontsulta baten bitartez egingo da, non parte- hartzen duten auzo-jabeen gehiengo sinple batekin onartuko da azkenean gauzatuko den proiektua.
4.- Lekeitioko Udalak auzokideekin elkarlana eta kooperazioa bultzatu nahi ditu proiektua zehaztu eta garatzekoan, eta horretarako behar diren batzarrak egingo ditu auzoko ateta ezberdinetako presidenteekin edo, behar izanez gero, auzokide guztiekin, prozesua eta proiektua aurrera doan heinean.
Hori horrela, lurrak erregistratu egingo dira eta desjabetze dokumentuak formalizatu urbanizazio proiektua lehenbailehen hasteko.