Albisteak

 

Auzoak irisgarritasun falta, inguruarekiko konexio traketsa eta urbanizazio zaharkitua ditu arazo handienen artean, eta Lekeitioko Udalak hauek konpontzeko konpromisua hartu du.

Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bati esker, auzoaren ikerketa sozio-urbanistikoa egitera doa. Dokumentu horren helburua, San Andres auzoa “Lehentasunezko Eskuhartze Gunea” izendatzea da. Izendapen horri esker, bai udalak, bai auzokideek beraien obrak egiteko diru-laguntza gehiago jaso ahalko dituzte: udalak urbanizazio lanak egiteko orduan, eta auzokoek beraien eraikinetako irisgarritasun eta eraginkortasun energetikoaren aldeko hobekuntzak egiteko orduan.

Udala eta auzokideak joan den ostiralean batzartu ziren. Batzar horren helburua udalaren asmoak azaltzea eta auzokideei beraien elkarlana eskatzea izan zen, proiektua zehaztu eta garatzekoan.

Aldi berean, auzoko erabilera publikoko lurrak udalaren esku uztea ere eskatu zitzaien, zesioa egitea,  datorren urtean egitea espero den urbanizazio proiektuaren arabera egingo diren lanak gauzatu ahal izateko.

San Andres auzoa, Itsas Gizarte Institutuak (ISM) Lekeitioko Kofradiarekin batera bultzatutako proiektua izan zen. Arrantzaleen familientzako 60. hamarkan eraikitako auzo hau bost eraikinetan banatzen diren 76 etxebizitzak osatzen dute.