Albisteak

 

Lekeitioko Udalak, kultur aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko oinarriak adosten eta ezartzen hasi da. Horretarako, martxoaren 17an, bigarren bilera egin zen Gaztegunean eta bertan 20 herritarrek hartu zuten parte.

Lehen bileran egin bezala, honetan ere kultur aniztasunari buruzko hausnarketa eta Lekeitiorako plana zehazteko talde-dinamikak egin ziren. Hausnarketan zurrumurruak, aurreiritziak eta estereotipoek gizartean eta pertsonongan duten eraginaz aritu ziren, guztiok dugula zer landu ondorioztatuz. Ondoren, hiru talde txikitan jarrita, aurreko saioan identifikatutako zailtasunak abiapuntutzat hartu eta Lekeitiorako elkarbizitzako plana osatzeko hainbat proposamen, ideia eta ekintza sortu ziren.  Ateratako gai batzuk, Kultur trukerako eta elkar ezagutzeko egunak, ekintzak eta espazioak antolatzea, herrira bizitzera heltzen diren pertsonentzako harrera prestatzea, kultur aniztasuna eta elkarbizitzaren gaia lantzen jarraitzeko leku bat zehaztu eta maiztasunez elkartzea izan ziren.

Prozesu honen hirugarren saioa apirilaren 21ean egingo da eta elkarbizitza planerako ildo nagusiak zehaztu eta hurrengo urteetan herrirako oinarriak markatuko dira. Aniztasun planak migrazioak eta migrazio horien ondorioak kudeatzeko oinarrizko tresnak dira udalarentzat. Plan honek hainbat urtetarako iparra zehazten dio Udalari, helburu eta estrategia orokorrak definituz eta urteroko ekintza planak martxan jarriz.