Albisteak

 

KALEKAREN 31. EDIZIOA EZIN IZANGO DA OSPATU OSASUN LARRIALDIAREN ONDORIOZ

Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdiak ezin izango du aurten bere 31. edizioa ospatu COVID-19ak sortutako osasun larrialdia dela eta. Uztailaren 9tik 12ra egin beharreko jaialdia egitea ezinezkoa da egun bizi dugun egoera honetan, izan ere gogora dezagun urtero 20.000 ikusletik gora biltzen direla jaialdian zehar.

KALEKAren prestakuntza lanak eginda, bertan parte hartu behar zuten konpainia eta kolektiboak aukeratuta zeuden. Deialdi irekian aurkeztu ziren 500 taldeetatik 20 izan ziren aukeratuak. Edizio honetan jatorri ezberdineko ikuskizunak aurreikusten ziren, besteak beste, Kolonbia, Txile, Katalunia, Gaztela eta Leon, Valentziar Erkidegoa, Madril, Murtzia eta, noski, Euskal Herritik etorritako konpainia eta kolektiboak. Eta jarduera guzti hauek uztailaren 9, 10, 11 eta 12an zehar banatuko ziren eta eduki, formatu eta hizkuntza anitzetako dantza, zirkua, clown, keinu-antzerki, esperimentazio espazioa edota piroteknia ikuskizunen bidez. Baina zoritxarrez ezin izango ditugu ikusi. Aurtengo jaialdia bertan behera geratzen den bigarren aldia izango da, 1995eko edizioa eta gero. Garai horretan zegoen krisi ekonomikoa izan zen jaialdia ospatzea galarazi zuena.

KALEKAk kulturarekiko egiten duen apustu sendoa garrantzitsua da Lekeitiorentzat eta ez hori bakarrik, ikusle asko erakartzen ditu herriko ekonomia eta merkataritza indartuz. Hortaz, jaialdiak egiten duen ekarpena handia izaten da arlo ezberdinetan.

KALEKA Lekeitio eta inguruan egiten den jaialdi garrantzitsuenetako bat da eta horrela izan behar du ere hurrengo urteetan. Gure herriaren nortasunaren parte da jaialdia hau, urtero milaka pertsona gurera erakartzen dituena. Kultura arloan ere sekulako aberastasuna eskaintzen digu, beste modu batean ikusi ezingo genituen ikuskizunak gurera ekarriz. KALEKAk eskaintzen digun aberastasuna handia da eta herrian duen inpaktu ekonomikoa ere oso altua da, gure ekonomian eragin zuzena izaten baitu. Urtean zehar Lekeition egiten den ekitaldi garrantzitsuenetako izanda, ostalaritzan, merkataritzan eta abarrean ere egiten duen ekarpena oso inportantea da. Modu berean, KALEKA Lekeitiotik kanpora ere proiekzio handia duen ekitaldia bilakatu da, kale arteen sektorean erreferentea izanik, Lekeitioko markaren parte ere bada.

Gogoratu nahi da ere urteetan zehar Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak emandako laguntza, haien ekarpenik gabe ezinezkoa izango baitzen jaialdiak duen mailara heltzea.

Momentu honetan ezinezkoa egiten da beraz KALEKA ospatzea, are gutxiago lehentasuna guztion ongizatea denean. Hortaz, Lekeitioko Udalak 2020ko jaialdia bertan behera uztea erabaki du. Hala ere, hurrengo urtean, egoera hobea izango delakoan, jaialdiak bere ibilbidea berhartuko du inoiz baino gogo gehiagorekin.