Albisteak

 

Abenduko osoko bilkuran, Lekeitioko Udalak UEMAn sartzeko erabakia hartu zuen. 2003an UEMAtik ateratzea eragin zigun sententzia indar gabe geratzen baita UEMAko estatutuetan emandako egokitzapenei esker. Berriro ere Mankomunitatea bizirik dago. Momentu honetan erabakia publiko egin da eta orain UEMAn berretsiko da erabakia.
 
Arnas gune bateko kide izatearen harrotasunaz jabetu behar dugu, gure herriek besteei eskaintzen dietenaz kontziente izan eta harro sentitu. Gure herriak arnas gune izaerari eusteko eta bere ekarpena besteekin partekatzeko dugun erantzukizunaz ohartu behar dugu.

Horrez gain, UEMAn biltzen diren herri guztien artean hizkuntza alorrean egiten dituzten borrokek indar handia dutelako. Era berean, Lekeition hizkuntza politika aurrerakoiak egin ahal ditugulako UEMAk eskaintzen dizkigun tresnei esker, eta hori herrian badagoen zerbitzua UEMAren bidez koordinatuta egiten delako. Azkenik, UEMAk geografia kontuan izan gabe, hizkuntzak batzen duen lurralde bat irudikatzen duelako.

Lekeitioko Udalaren aburuz Udalerri euskaldunen eginkizuna ezinbestekoa da euskararen normalkuntzarako. Euskarak ez dauka gune sozio-geografiko propiorik, ez du nagusi izango den lurralderik gizarteko funtzio guztiak garatzeko. Horregatik, euskara biziko bada, erdarak bezala, nagusi izango den espazioa behar du. Erronka horretatik abiatzen da UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. 1988tik abian dagoen mugimenduak, oinarrian, 1982ko Euskararen legea dauka. Lege horren 8.3 artikuluan, udalerri euskaldunetan euskara hutsez funtzionatzeko aukera jasotzen zen. Artikulu hau indargabetu egin zuen Auzitegi Konstituzionalak, baina UEMAren mugimenduan kokatuta zeuden udalek, artikulu horren asmoa eurenganatu eta euren udaletan martxan jartzeko ahalegina egin zuten beste egitasmo batzuei esker. Horrela sortu zen, 1991an, UEMA, Aizarnazabalen.

UEMAren helburu nagusia, mendeetan erdarek administrazioan izan duten funtzioak euskararentzako eskuratzea izan da, eta administrazioko funtzionamendua ez ezik, herritarrenganako hartu eman guztia euskara hutsez egin ahal izateko aukera bermatzea. Ordudanik lortutako emaitzak handiak izan dira. Urte gutxitan, udaletako funtzionamendua euskaldundu da eta normaltasun osoz txertatu udalerri askotan, Lekeition ere bai, adibidez.

UEMAren helburuak 3 lirateke, nagusiki: Batetik, udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia euskaraz egin ahal izatea. Bigarrenez, udalerri euskaldun guztiek bat eginik euskara nagusi izango den lurraldea osatzea. Eta azkenik, udalerri euskaldunen garapen sozio-ekonomiko eta kulturala bultzatzea.

Lekeitio berriro ere UEMAn sartzearekin, euskararen normalkuntzara begira egiten den lana indartuta ateratzea da helburu nagusia. Herriko euskara zerbitzuak, eskualde eta nazio mailako plangintzekin koordinazioan arituko da, euskararen normalkuntzara begira egiten diren egitasmoak ikuspegi integralago batetik eginez.