Albisteak

 

Lekeitioko Garraitz uharteari Parke Arkeologiko izaera aitortu diote

Azken urteetan, Lekeitioko Udala eta Lekeitioko Atabaka Elkartea, Aranzadi zientzia elkartearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, pausoak ematen ibili dira Garraitz irla balioan jartzeko. Orain, Kultur Ondarearen Zuzendaritzak Garraitz uhartearen (San Nikolas izenaz ere ezaguna) Parke Arkeolgiko izaeraren aitorpena egin dio.

Aitorpen hau lortzeko ahaleginak egin dira urteetan zehar eta duela hilabete batzuk, elkarlanean dabiltzan erakundeen ordezkariak bisitatu zuten irla, Bingen Zupiria Gorostidi (Kultura eta hizkuntza politikako sailburua), Lorea Bilbao Ibarra (Euskara eta Kulturako foru diputatua), Andoni Iturbe Amorebieta (Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendari Nagusia) eta Atabaka, Aranzadi eta Lekeitioko Udaleko ordezkariak hain zuzen. Bisita honetan Garraitzen egoera eta balioa mahai gainean jarri ziren eta Parke Arkeologikoaren izaera lortzeko ardatzak ezarri ziren.

Era beran, gogoratu dezagun, urteetan zehar uhartearen garbiketa eta azterlan arkeologikoen kanpainak bultzatu dituela, Atabaka Kultur Elkarteak, Lekeitioko Udalak eta BFAk egin duten lan koordinatuaren barruan.

Gaur egunera arte uhartean aurkitu diren aztarna arkeologikoen egiturak Erdi Aroaren amaierakoak, aro modernokoak eta garaikidekoak dira (XIV-XIX. mendeak); dena dela, ezin da baztertu etorkizunean erromatarren aroko okupazio bat aurki daitekeenik, hau da, Lekeitioko hiribilduaren inguruan aurkitu denaren modukoak.

2015etik eta arte, Garraitz irlako Kultura Ondarearen inguruko lau ikerketa-lanen kanpaina egin dira. Lan horien ikuskapen arkeologikoa Alfredo Morazak, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, egin du; eta irlan aztarna ugari daudela egiaztatu da. lrla zeharkatzen duen bidean, hiru gune desberdinetan kokatuta, tipologia eta kronologia desberdinei dagozkien egiturak daude: San Nikolas ermita zaharraren eta Frantziskotarren komentuaren aztarnak hegoaldean, eta gotorleku batzuk, irlaren erdialdean eta iparraldeko muturrean kokatuak. Lan hauetatik ondorioztatzen da irla okupatuta egon dela Erdi Aro berantiarretik, Garai Modernora eta Garaikidera arte; hau da, XIV. mendetik XIX.era.

Lan horiek guztiak herri-ekimenetik sortu den proiektu baten parte dira. Izan ere, Atabaka Kultura Elkartearen kideen laguntza du, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Lekeitioko Udalaren babesarekin egiten da.

Aipatu, momentu honetan, Atabaka elkartea, Lekeitioko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko sailak Garraitz irlari buruzko txosten botanikoa egiten dabiltzala. Txosten honen bidez, Garraitz uharteko landaretza eta egungo kontserbazio egoeraren ezagutza handitu eta ondare botanikoa berreskuratzeko eta mantentzeko kudeaketa ereduak proposatu nahi dira. Baita ere, Lekeitioko Udala eta Atabaka Kultur Elkarteak proiektu bat aurkeztu dute Bizkaiako Foru Aldundian, “Garraitz 25 proiektua” izenburua duena. Proiektuaren helburua Garraitz uharteko multzo monumentala dokumentatzea eta balioa ematea da.

Garraitz uhartea (San Nikolas bezala ere ezagutua), Lekeitioko badiaren erdigunean kokatuta, herriaren eta euskal kostaldearen gune esanguratsuenetakoa da. Tamainari dagokionez txikia izan arren (6,50 ha) eta itsasoarekiko 50 metroko altuerara baino egon ez arren, bere hegaletan, ondare natural eta kultural aberatsa dauka eta horregatik erreferentea da euskal itsasertzean. Izendapen honek, uhartearen balioa berreskuratu, babestu eta Lekeitioko paisaian barneratzea du helburu, izan ere gure herriko ondare garrantzitsua da eta. Ekimen honekin gainera, ikerketa, kontserbazioa eta elkarlana ere sustatu nahi dira. Denbora luzez, Garraitzeko irlaren lurrak hainbat okupatzailek kolonizatu zituzten eta hauek legatu eta arrasto bereziak utzi.

Uhartea lehorrarekin konektatuta dago Lekeitioko portua Lea Ibaiaren jalkinetatik babesteko eraiki zen dike baten bidez. Pasabide horri esker itsasbehera dagoenean uhartera irits daiteke.