Albisteak

 
Lekeitioko Udako Arte Erakusketan izena emateko epea zabalik dago jada eta martxoaren 30ean bukatuko da. Udako Arte Erakusketak alor ezberdinetako artistengana heldu nahi du, arte aniztasunaren isla izan dadin.

Erakusketan parte hartu nahi dutenak Lekeitioko Kultur Etxera hurbil daitezke izena ematera edota kulturetxea@lekeitio.eus helbidera idatzi.

Izena ematean, artistak bere lanen argazki eta dokumentazioa (biografia eta erakusketaren azalpenak) aurkeztu beharko ditu. Ondoren, Udaleko Kultur sailak ebaluatuko ditu aurkeztutako lanak.

Apirilaren erdialdera onartu eta baztertuen zerrenda aurkeztuko da eta ondoren zozketa baten bitartez hautatuko dira behin betiko partehartzaileak. Lehentasuna izango dute Lekeitioko eta eskualdeko artistek.

Artista bakoitzaren erakusketaren iraunaldia aurkeztutako artista kopuruaren arabera izango da. Astebeteko erakusketak izango dira printzipioz baina 2 astetara luza daitezke aurkeztu den partaide kopurua ez bada handiegia. Aurten ere, hainbat arte diziplinetaz gozatzeko aukera izango dugu herrian.

Animatu eta eman izena!