Albisteak

 
  • Lekeitioko Birziklapen tasa %29koa da.
  • Hondakinen Bilketa Zerbitzua Urbasa enpresaren bitartez eskaintzen da, baina kontratatua 2013ko abenduaren 31n bukatzen da.
  • Lekeitioko Udalak uste du, hondakinak kudeatzeko sistema konkretu bat ezartzea baino, ahal den eta birziklapen tasarik altuena lortzea dela garrantzitsuago. Horregatik %70eko birziklapen tasa lortzearen aldeko apustua egin du.
  • Materia organikoa da hondakin guztien %40; eta ondorioz, birziklapen tasa altuak lortu nahi badira, nahitaez zatiki hori bereizita jaso behar da.

Lekeitioko Udalak, eskualdeko beste herri batzuen antzera, mankomunatuta du hondakinen bilketa zerbitzua. Zerbitzu hori Urbasa enpresaren bitartez eskaintzen da, baina kontratatua 2013ko abenduaren 31n bukatzen da.

Bestalde, Lekeitioko birziklapen tasa %29koa da eta ez da ia aldatu azken 10 urteetan. Horrek esan nahi du Lekeition sortzen dugun hondakinen %71 Zabalgarbiko erraustegira eramaten dugula.

Bi aspektu hauek kontutan izanik, hondakinen bilketa zerbitzua mankomunatuta dugun herriok konturatu gara sistemaz aldatzeko ordua iritsi dela eta horretarako lanean jarri gara. Spora enpresa kontratatu zen, lan hori teknikoki egiten laguntzeko. Enpresak gaur egungo egoeraren diagnostikoa egin du, eta kudeaketa eredu berriak proposatu. Orain udalerriei dagokie erabakia hartzea. Pasa den hile bukaeran eta oraingoaren hasieran herri batzarretara deitu dira herritarrak diagnostikoa konpartitzeko eta beren pertzepzioak jasotzeko. Jasotako ekarpenak baliagarriak izan diren arren, parte hartzaile kopurua nahi baino baxuagoa izan da. Dena dela, bertan jasotako ekarpenak kontutan izan dira, Ingurumen batzordekoekin batera.

Lekeitioko Udalaren planteamendua ondorengoa da. Alde batetik garrantzitsuagoa dela, hondakinak kudeatzeko sistema konkretu bat ezartzea baino, ahal den eta birziklapen tasarik altuena lortzea. Horregatik %70eko birziklapen tasa lortzearen aldeko apustua egin dugu, lekeitiarrok hori lortzeko gai garela uste baitugu. Bestetik, hondakin guztien %40 materia organikoa da; eta ondorioz, birziklapen tasa altuak lortu nahi badira, nahitaez zatiki hori bereizita jaso behar da.

Aurreko puntuak argi izanda, Lekeitiorako egokiena den sistema definitzen saiatu gara, herriko ezaugarriak kontutan izanda. Proposatutako sistema jarraipendun edukiontziena da. Oraindik aspektu tekniko batzuk zehaztu gabe dauden arren, guztion artean eztabaidatu beharko direnak, materia organikoa eta errefusatzekoa jasoko dituzten edukiontziak txartel eta txip bidez zabaltzea aurreikusten da (gainontzekoak gaur egun dauden bezala mantenduko dira). Bertara botako diren poltsak barra kode baten bidez identifikatuta egongo dira. Horrek hondakinen jarraipena egitea ahalbidetuko du, egiten diren akatsak zuzendu eta guztion artean birziklapen tasa egokiak lortu.

Baina, udalaren helburua erraustegira doan zabor kopurua ahalik eta txikiena izatea denez gero, ez gara kudeaketa sistema aldatzera bakarrik mugatuko, hondakinak murrizteko neurriak ere hartuko ditugu eta auzo- eta auto-konposta bultzatuko dira.

AURKEZPENA