Albisteak

 

Lekeitioko Udalak aurrera darama Udaleko Berdintasun Zerbitzua kudeatzeko negoziazio bidezko prozedura. Udalak gonbidapena egin zien Emakundek homologatutako enpresei euren proposamenak aurkeztera, baita interesatuta egon daitezkeen bestelako enpresa edota norbanakoei ere. Guztira 4 eskaintza jaso dira: 2 enpresenak eta 2 norbanako autonomoenak.
 
Onintza Larrinaga izango da, ba, gaurtik aurrera Lekeitioko Udaleko Berdintasun teknikaria. Kontratuaren iraunaldia 2 urtekoa da eta horretarako 28.000 (BEZ barne) euroko aurrekontua izango da, urtean 14.000. Murgibe enpresak 2013an ematen zuen zerbitzuak 12.022,12 €ko kostua zuen eta astean 5 ordu eskaintzen zuen.

Datorren astetik aurrera, beraz, astelehen eta asteazken goizetan zabalik izango da Berdintasun Zerbitzua. Udalarentzat oso zerbitzu garrantzitsua da, optimizatu beharrekoa. Berdintasunaren bidean pauso bat da, zerbitzua egonkortzen eta errotzen lagunduko duen pausoa.

Zerbitzuaren egiteko nagusienak dira udalaren berdintasun politika, protokoloak eta prozesuak gauzatzea, garatzea eta proposatzea. Horrela, Lekeitioko Udaleko Berdintasun planean zehaztutako ekintzak aurrera eraman, egokitu eta ebaluazioak egitea izango da bere lanetako bat eta baita Lekeition izan litezkeen bereizkeriazko egoerak identifikatzea ere, eta horiek ezabatzeko neurriak diseinatu eta sustatzea.