Albisteak

 

Lekeitioko Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra behin betiko onartu du.

Azaroaren 12ko Osoko bilkuran Lekeitioko Udala osatzen duten alderdiek aho batez behin betiko onartu dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko dokumentua. Plan hau datozen urteetan Lekeitioko udalerriaren lurzorua hirigintza-ikuspegitik bere osotasunean antolatuko duen plangintza-tresna da.

Dokumentua oso-osorik web orrian argitaratuta dago. Honez gain, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean dagokion argitalpena, zein prentsan, azaroaren 20an argitaratu dira iragarkiak.

2018ko abuztuan hasierako onespena eman zitzaion Planari; ondoren, abenduan, behin-behineko onespena emanez. 2019ko urtarrilean Ingurumen-ebaluazio Estrategikoari buruzko tramiteari ekin genion. 2020ko uztailaren 30eko ebazpenaren bidez, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak oniritzia eman dio.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak ere aho batez eman dio oniritzia Lekeitioko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari uztailaren 8an izandako Osoko Bilkuran.

Bai Lekeitioko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Ingurumen Adierazpen Estrategikoan zein Lurralde Antolamendurako Batzordeko txostenean jasotzen ziren zehaztasunak dokumentuan sartu ondoren, berau izan da Osoko Bilkuraren onespena jaso duena.

 

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO)

Onartu berri den HAPOaren dokumentua hainbat parte-hartze prozesuren emaitza da eta lekittarrengandik jasotako iritzi, ekarpen eta alternatibetatik idatzi zen planaren aurrerakina 2016-2018 urteen bitartean.

Prozesu luze honetan, Udalak argi izan du natura-ingurunea eta eraikitako ondarearen babesa izan behar direla Lekeitioko ardatz egituratzaileak. Gainera, indarrean egon diren Arau Subsidiarioek aurreikusten zituzten hiri-hazkundeak gaur egungo errealitatearekin ez zetozen bat.

Ondorioz, gizartearen beharrizanak asetzera bideratuko diren hiri-garapenak lehenetsi dira; besteak beste, babes ofizialeko etxebizitzenak. Garapen gehienak herri barruko bilbearen edo tramaren egokitzapen-lanetan justifikatuta daude.

Hau horrela, HAPO berriak honako irizpide nagusiak jarraitu ditu:

  • Lurzoru-kontsumoaren arrazionalizazioa.
  • Gaur egungo hiri-ehunaren garapenei lehentasuna ematea. Hau da, kaskoa egiten joan, hutsuneak betetzen joan eta ez garapen bakartuak edo isolatuak bultzatu.
  • Etxebizitza-kopuru totala 310ekoa da; hortik, % 49,24 Babes Publikoko Etxebizitzak izango dira.
  • Guztira, 73.034,00 m2 lurzoru urbanizagarri ezabatzen dira (gehien bat Santa Katalina eta San Antolín inguruan).
  • Zerbitzu-poligono bat planteatzen da, tokiko jarduerei zerbitzua eman diezaiekena. (indarrean egon diren Arau Subsidiarioek aurreikusitakoarekiko 31.710 m2-tik 6.630 m2-tara murrizten da eremua).
  • Maderas de Lekeitio: HAPOk Plan Berezi batera bideratzen du baina ingurumen-baldintzek zehazten duten erabilera-esparru mugatuarekin.
  • Udalerriaren barne oinezkoen mugikortasuna sustatzea. Nolanahi, hiri-garapen berrietan zein gaur egungo espazioetan, irisgarritasuna ziurtaraztea, indarreko arlo-araudia betez.
  • Zuzkidurei dagokienez, gaur egun daudenak berreskuratzea lehenetsi da garapen jasangarriaren alde eta lurzoru berriak kolonizatzea saihesteko.