Albisteak

 

Lekeitioko Udalak, kultur areto bat izatearen garrantziaz jabetuta, alokairu kontratu bat sinatu berri du Ikusgarri Zine-Aretoaren jabea den Parrokiarekin. Udalak Parrokiari 500 euroko alokairua ordainduko dio, eta horrez gainera, aretoaren mantentze-lanen gastuez ere arduratuko da. Lau urteko kontratua sinatu da, 2017ra arte luzatu daitekeena. Udalak 520 m2 dituen aretoaren erabilera osoa izango du.
 
Aurretiaz jakinarazi zen bezala, udalak kultur programazio egonkor bat bultzatu nahi du bertan. Zine-aretoa Euskadiko Antzokien SAREAn sartu berri da. Horren bidez kultur programazio sendo bat jarriko da martxan eta gutxienez 8 ekitaldi (antzerki, dantza, musika...) emango dira bertan diruz lagunduta.

Ikusgarri aretoan 300 lagun inguru sartzen dira eta udalarentzat oso garrantzitsua da horrelako kultur espazioak mantentzea eta herriratzea. Bide batez adierazi nahi du esku zabalik hartuko dituela zine komertziala eman ahal izatearen alde herritik sor daitezkeen ekimen guztiak. Beste herri batzuetan baliozkoak diren formulek Lekeition ere funtzionatu dezaketela pentsatzen dugu. Zentzu honetan Irailaren 21ean zine zaleek deitutako batzarrera bertaratu ziren Kepa Arruza Kultur zinegotzia eta Xabier Arrate Parte-hartze zinegotzia. Udalak positibotzat jo du bilera, jendea gogotsu ikusi duelako eta zine emanaldiak bazkide formularen bidez mantendu nahi dutelako. Hori bai, formula honek aurrera egin dezan, herritarrak inplikatu beharko dira bazkidetzan. Udala elkarlanerako prest dago eta bere esku dagoena egingo du horrelako ekimenak aurrera eramateko.