Albisteak

 

Atzoko Osoko Bilkuran, aho batez onartu zuten Lekeitioko Udaleko ehbildu eta Eaj-Pnv taldeek, procés-aren inguruko ondoko

ERAKUNDE ADIERAZPENA

 

Espainiako Auzitegi Gorenak Catalunyako procesari buruz emandako epai bidegabea dela eta, eta honek sortutako larrialdi egoeraren aurrean, Lekeitioko Udalak ondoko erakunde-adierazpena onartu du:

 

1.- Lekeitioko Udalak adierazten du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriak 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegia izan zela, eta Kataluniak bezala Euskal Herriak ere, berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.

 

2.- Lekeitioko Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.

 

3.- Lekeitioko Udalak nabarmentzen du Kataluniako Procesaren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.

 

4.- Lekeitioko Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten baitu eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. Artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean. 

 

5.- Lekeitioko Udalak Estatuko botereei eskatzen diote, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala eta era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behar utz ditzala.

6.- Lekeitioko Udalak elkartasuna adierazten diote Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei hala nola Kataluniako herriari eta erakundeei, eta lekittarrei dei egiten diete bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.