Albisteak

 

Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu urtero bezala, Emakumeon Eguna. Urteetako borrokak gogoratzeko eta ospatzeko aukera ematen digu baina, batez ere, emakumeon egoeraren inguruko hausnarketak partekatu eta balantzea egiteko aukera ona izaten da.
 
Krisiaren itzalpean harro dabilzkigu kapitala eta patriarkatua, lotsarik gabe, mozorroa kenduta. Eta emakumeok orain arte lortutako askatasun eta eskubideak galtzen ari gara, atzeraka goaz. Inboluzio une batean gaude.  Historia lineala ez denez, ez goaz beti aurrera; baina historia idatzita ez dagoenez, ezer ez da ezinbestekoa, aldaezina. Inboluzio une batean bagaude ere, gure esku dago borroka feminista indartu eta, haizea alde ez izan arren, egoera aldatzea.

Emakumeon egungo egoera hitz gutxitan laburbildu beharko bagenu, honela jasoko genuke: lan-merkatuan gero eta biluziago, zaintzaren motxilan gero eta harri gehiago, umetokian bandera espainola ezarrita (Estatuaren lurralde bihurtuta) eta gorputza indarkeria sexistak moretuta. Hori guztia, emakumeon eta familia-eredu heterosexualaren hautua egiten ez dutenen kontrako eraso ideologikoarekin lagunduta: gaiztoak, gaixoak, sorginak eta eroak omen.

Lan-merkatuan gero eta biluziago gaude emakumeok. Botere ekonomikoaren mesedetan arautzen ari da lan-mundua, lanerako gorputza, burua eta eskuak besterik ez ditugunok babesik gabe utziz. Haurdun dauden emakumeak kaleratzeko aukera legeztatu da, lan-baldintzak okertzen ari dira orokorrean eta emakumeak nagusi diren hirugarren sektorean bereziki, eta sektore feminizatuetan behin-behinekotasuna, ziurgabetasuna eta prekarietatea dira nagusi. Horrekin batera, lan-merkatutik kanpo uzten ditugun etxeko lanak eta zaintza-lanak emakumeen bizkar erortzen jarraitzen dute. Ez hori bakarrik; erakunde publikoak, pertsonen zaintza luxua dela baloratuta, horretarako dauden zerbitzuak eta laguntzak murrizten ari dira eta, ordainetan, emakumeon zaintzaren motxila kargatzen. Biluzik eta gero eta motxila handiagoarekin gabiltza.

Biluzik gabiltzan arren, gure gorputza ere ez digute guretzat utzi nahi. Gure gorputza gurea dela ukatu nahi digute. Gure umetokia Estatu-arazoa dela diote. Abortatzeko eskubidea ukatzeko Espainiako Gobernuak aurkeztu duen kontrarreformarekin, duela 40 urte oihukatutako aldarriak berriz etorri zaizkigu umetokietatik eztarrietara. Posible da lan-merkatuak ume gehiago nahi izatea langabezia-poltsak handitzeko, langabeziaren mehatxupean langileak otzantzeko, beldurra areagotzeko. Baina, batez ere, motibazio ideologiko ultrari erantzuten dio; emakumeok ama-emazte izan behar dugun ideologiari, hain zuzen.

Abortuaren kontrarreformarekin batera, emakumeon askatasunaren eta aniztasunaren kontrako eraso gehiago datoz, emakumea emazte-ama fin, otzan eta menpeko bihurtzeko. Patriarkatuaren zutabea den familia-eredu tradizionala edo heteropatriarkala indartzeko neurriak dira. Ugalketa lagundurako eskubidea bikote heterosexualentzat soilik, haurdun geratzen den emakume oro haurra izatera behartu, norberaren gorputza eta desioak ezagutu eta garatzeko hezkuntza afektibo-sexuala murriztu edo LOMCErekin guztiz ezabatu, elizgizon esanguratsuen ahotik sexu bereko pertsonen arteko harremanak gaixotasun gisa aurkeztu nahi dizkigute, eta indarkeria sexistaren dimentsioa ezkutatu, garrantzia kenduz, datuak makilatuz (indarkeria sexista gisa kontabilizatuko direlako soilik eraildako emakumeak eta 24 ordutik gora ospitaleratutakoak) eta batzuetan justifikatuz. Erakunde publikoek eta hedabideek horretan duten ardura ez da txikia.

Emakume eta gizon askeak, buru- eta gorputz-jabeak izateko heziketa zeinen garrantzitsua ondo dakitenez, LOMCErekin hezkidetzaren bidean egindako lana ezabatu nahi du Espainiako Gobernuak. Berdintasunaren eta hezkidetzaren alde egindako lana alde batera utzi eta erlijio katolikoa jarri nahi du erdigunean. Elizak eta Estatuak eskua emanda sartu nahi dute eskoletan, haurren gogoak kolonizatzeko.

Hedabideetan ere atzerakada garrantzitsua atzematen dugu eta bereziki larria iruditzen zaigu bertako hedabide publikoetan gertatzen ari dena. Aktualitateko arazoen inguruko eztabaida eta tertuliatan emakumeon presentzia anekdotikoa da. Ez dugu ahotsik. Ikusezinak gara. Horretaz gain, hedabideetako edukiek eta publizitateak estereotipo, rol eta balio sexistak elikatzen eta indartzen dituzte. Gaur egun, esan dezakegu, hedabideak estereotipoen habia direla.

Egoeraren irakurketak alarma guztiak piztera garamatza. Emakumeok subjektu politiko gisa, eskubide osoko herritar gisa onartzetik gero eta urrunago gaude. Egungo krisia emakumeon askatasunen eta berdintasunaren krisia ere bada. Ez orain arte helburuok lortu genituelako baina bai atzerapauso nabarmenak ematen ari garelako. Ez halabeharrez, ordea; botere politikoek eta ekonomikoek norabide horretan eraman nahi gaituztelako baizik. Emakumeok berriro ere sistema heretropatriarkalaren kaiolara lotu nahi gaituzte.

Egoeraren irakurketa gordinak etsipenean erortzeko baino, egoeraz jabetu eta erantzuna pizteko balio izatea nahiko genuke. Betaurreko eta lupa moreak jantzi, elkarri eskua eman eta atzerapausoak identifikatu eta hauei aurre egiteko prestatu behar dugu. Eta gure bidea egin, guk nahi duguna izateko, euskaldunak, askeak, zernahi. Jostun onen moduan, jos ditzagun emakumeon arteko sare sendoak. Eta zabal dezagun gure sarea eta lana esparru guztietan, esparru sozio-ekonomikoan, kultur arloan, esparru politikoan, erakundeetan. Eta elika ditzagun aliantzak eragile sozial, politiko eta sindikalekin, Euskal Herri euskalduna eta feminista eraikitzeko.

2014ko martxoaren 8an, Lekeitioko Udalak Euskal Herri feministaren helburua bere egin eta borroka feminista indartzeko konpromisoa adierazten du. Gure zeregina da mugimendu feministarekin batera orain arteko borroken lekukoa hartu eta borroka horiei eustea, gure zeregina da erdi lo genituen borrokak berpiztea, lortutzat genituen eskubideak uste baino errazago gal ditzakegulako, eta gure zeregina da mugimendu feministak irekitzen duen bidea jarraitzea, pausoz pauso, orpoz orpo.

Jakitun gara jendartea eraldatzeak gure buruak ere eraldatzea esan nahi duela eta, jakitun gara, barne-mailan gauza asko ditugula oraindik lantzeko. Hori dela-eta Lekeitioko Udalak konpromisoa hartzen du:

  • Berdintasunerako politika publikoak garatzen jarraitzeko, politika horien eskura aurrekontu eta teknikari egokiak jarriz.
  • Abortuaren eskubidearen aldeko jarrera hartuta ekintza ezberdinak garatzeko.
  • Mugimendu feministarekin elkarlanean jarraitzeko.

Herritarrei martxoaren 8aren harira deitutako mobilizazio eta ekimenetan parte hartzeko deialdia luzatzen zaie.