Albisteak

 

Lekeitioko udalak segurtasun neurri bereziak ezarri ditu covidaren hedapen larriari aurre egiteko

Eusko Jaurlaritzak zehaztu duen segurtasun araudiaz gain, Lekeition neurri zorrotzagoak hartzea onartu da, azken asteetan egondako COVID kutsaduraren hedapena geldiarazteko. Neurri berriak bihar bertan jarriko dira martxan.

Eusko Jaurlaritzak segurtasun neurri berriak ezarri ditu, urtarrilaren 12ko 1/2021 lehendakariaren dekretu bidez, horien artean gune gorrian aurkitzen diren udalerriek jarraitu beharreko araudi berria. Lekeitioren kasuan, azken 14 egunetako intzidentzia tasa ehun mila biztanleko 500eko kopurua zeharo gainditzen du, gaurko datuetan zehazten den bezala 761ean kokatuz. Horren ondorioz konfinamendu perimetrala ezarriko da. Hau da, ezin izango da Lekeitiotik irten edo sartu justifikatutako kasua ez bada. Hau betetzen dela ziurtatzeko Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kontrolak egingo dituzte Lekeitioren sarreretan.

Egoera larri honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak zehaztu duen araudiaz gain, neurri zorrotzagoak zehaztuko dira. Lekeitioko Udalak,  Osasun Saileko ordezkarien batera hartutako neurriak dira hauek eta helburu oso argia dute: COVIDaren kutsadura geldiaraztea. Eta hori lortzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira. Besteak beste hauek izango dira Lekeition hartu diren neurri gehigarriak:

  • Kiroldegiaren eta igerilekuaren aforoa gaur egun dagoenaren erdira jaitsiko dira. Igerilekura joan ahal izateko, aurretiaz hitzordua eskatu beharko da kiroldegiarekin harremanetan jarriz. Ikastaroak bertan behera geratzen dira eta kirola banaka egitea bakarrik baimenduko da kiroldegian. Era berean, aldagelak zarratu egingo dira.
  • Beste kirol instalakuntza guztiak itxi egingo dira.
  • Kultur etxean aurkitzen den liburutegiaren eta ikasgelen aforoa gaur egun dagoenaren erdira murriztuko da. Ikastera etortzen direnei aurretiaz hitzordua eskatzea gomendatzen zaie, haientzako lekua librea egongo dela ziurtatzeko.
  • Ikusgarri zine aretoa itxi egingo da eta ez da zine proiekziorik emango.
  • Herriko gune ezberdinetan aurkitzen diren jolas-guneak itxi egingo dira eta ikastetxeetako jolastokiak zarratu egingo dira arratsaldeko 16:30etik aurrera eta asteburuetan.
  • Parkeak 20:00etan itxiko dira egunero.
  • Skateparka ere itxi egingo da.
  • Merkadilloa bertan behera geratzen da.

Araudi hau urtarrilaren 13tik aurrera jarriko da martxan, Lekeitio gune gorrian dagoen bitartean mantenduko da edota neurri edo araudi berri bat argitaratu arte. Hartutako erabaki hauek lekittarren osasun ona bermatzera bideratuta daude eta arau hauek zorroztasunez betetzea eskatzen zaie herritar guztiei.

Gogoratu COVIDaren aurrean hartu dezakegun erabaki onena etxean geratzea dela eta edozein sintoma izanez gero Osakidetzarekin harremanetan jartzea.