Albisteak

 

LEKEITIOK SEGURTASUN NEURRI HANDIAK HARTUKO DITU IBILALDIAN

Domeka honetan, maiatzak 19, Ibilaldia ospatuko dugu Lekeition. Milaka pertsona hurbilduko dira gure herritara Bizkaiko Ikastolen jaian parte hartzera eta, horregatik, Lekeitioko Udalak inoizko segurtasun neurri handienak jarriko ditu. Jende kopuru handia izatea aurreikusten da, antzar egunean baino gehiago, hori dela eta, herritar eta bisitarien segurtasuna eta babesa bermatzeko segurtasun dispositibo handia jarriko da martxan.

Egun honetan, udaltzaingo kopurua bikoiztu egingo da eta ertzaintza eta sos deiaren dispositibo bereziak jarriko dira, ezbeharrak ekidite aldera.

Era berean, goizeko 9:00etatik eguerdiko 14:00etara ezin izango dira autoak sartu herri barruan. Gainera, eguerdiko 14:00etatik 19:00etara bitartean Ibilaldiko ibilbidera doazen kaleetan ere trafikoa debekatuko da.

Ibilbidean zehar egongo den jende kopurua handia izango da eta ezbeharrak ekiditeko helburuarekin, Ibilaldiko lau guneen arteko kaleetan autoak kendu beharko dira zapatuko 15:00ak aurretik. Arropaingo parkina, osasun zentroko aparkalekuak, Atea kaleko aparkalekuak, portua, Paskual Abaroa etorbidea (Talako aroztegitik botikara doan aldean) eta Santa Katalina ibilbidean kokatzen diren auto guztiak kendu beharko dira oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Hori horrela, herritarrei Lekeitioko sarreran aurkitzen diren P2, P3 eta Artadi edo mahastiko aparkalekuak erabiltzea gomendatzen zaie herri barruan lekurik aurkitzen ez badute eta garajea dutenek autoak kalean ez uztea. Era berean, Karraspio hondartzaren parkinga autokarabanentzako bideratuko da. Herritarren laguntasuna beharrezkoa izaten da honelako egunetan eta Udalak aldez aurretik eskertu nahi die lekittarrei egindako esfortzuagatik.

Bestalde, egun honetan Bizkaibusen zerbitzu berezia jarriko da Lekeitiora etortzeko. Jende pilaketak ekiditeko, Bilbotik etortzen direnek Matienara arte trena hartu beharko dute, eta behin Matienara helduta, ordu laurdenero autobusa izango dute Lekeitiora. Lekeitiotik Bilbora joateko ohiko zerbitzua ere aldatu egingo da, autobusak Matienara arte egongo dira eta gero bertan autobus-aldaketa egin beharko da.

Domeka honetan beraz, denok "Haratzago" joango gara Lekeition eta herrian segurtasun neurrik hartuko dira denok egun honetaz gozatzeko.