Albisteak

 

Bigarren urtez Lekeitioko Udalak eta Potxuak Martxan emakume taldeak MARTXO MOREA aurkeztu dute. Berdintasuna sustatzeko zenbait ekimen ezberdinak antolatu dituzte elkarrekin, martxoan zehar burutuko direnak:

Martxoaren 7an (20:00etan, 5 euroren truke), Eneritz Artetxeren eskutik KONPOTA antzezlana izango dugu Ikusgarri aretoan. Dxusturi konpainiaren eskutik datorkigu Konpota. Eneritz Artetxek (Gernika-Lumo, 1972) bakarrizketa bat proposatuko digu, Philipe Gaulieren testu batean oinarritua eta Antton Lukuk euskaratua. Agertokian pertsonaia bakarra aurkituko dugu: emakume bat. Nahiko ezaguna da, baina ez dago inondik ere ados berari buruz esaten direnekin, eta bere ikuspuntua ematen du. Hain zuzen ere, Konpota obrak ironia handiz kontatzen du suge batekin eta sagar batekin hartu-emanak dituen emakume baten istorioa. Eneritz Artetxek berak honela azaltzen du: Paradisua edo askatasuna aukeratu behar izateari buruz berba egiten dau eta erabaki horrek ekarri zituan ondorioak jorratzen ditu, beretzat eta gizateria osoarentzat. Aktore lez, beti nahi izan dot sakondu bufoiaren eremuan. Irakurri nebanean Philipe Gaulierren testua konturatu nintzan bila nebilena topau nebala, emakume bufoi batentzat idatzia egoalako eta emoten eustalako aukerea amorruaz eta emakumearen errebeldiaz berba egiteko.

Martxoaren 8an berriz, Potxuak Martxan taldeak egun guztiko jaia antolatu du. Goizean, 11:30ean Martxa Morea, Eskolapetik hasita. Oinez, korrika, patinez, bizikletaz.... bakoitzak nahi duen moduan egiteko lasterketa, baina zerbait morea eramanda. Lasterketa honetara animatu nahi dituzte herritar guztiak. Izena Eskolapeko botikan, Txiki Txokon edo Alter Ego dendan eman behar da. Arratsalderako berriz, Tortola kaletik hasita Poteo Animatua antolatu dute. Horren ondoren, gabeko 22:00etan afaria izango da ikastolan. Afarian izena emateko azken eguna osteguna da eta 7 euro ordaindu behar dira Alter Egon, Txiki Txokon edo Eskolapeko botikan.

Martxo Morearen azken ekitaldia martxoaren 20an izango da. Azkue Aretoan Ekonomia Feministaren ildotik, Etxeko lanetan eta zaintzan dohaintzan emandako denboraren inguruan hitzaldia emango du Matxalen Legarreta Izak. Hain zuzen ere, bere tesi lanean oinarritutako hausnarketa batzuk plazaratuko ditu Matxalen Legarretak. Honek 2012. urtean "El tiempo donado en el ámbito doméstico-familiar. Un estudio sobre el trabajo doméstico y los cuidados" tesiarekin nazioarteko doktoretza lortu zuen Madrileko Unibertsitate Autonomoan. Bere ikerketa eta interes gai nagusiak etxeko eta zaintza lanak, etxekotasuna eta denboraren soziologia dira. Bizitzaren iraunkortasuna erdialdean jartzearen aldeko apustua egiten duen ikuspegi feministatik egiten du lan. Lekeitioko Udalak kalean egunerokotasunean indarrak metatzen dabiltzanekin elkarlanean jarraitzeko asmoa du. Potxuak Martxan emakume taldearen lana goraipatu eta txalotu nahi da horregatik. Emakumea eta Berdintasun Batzordean parte-hartzearekin batera, ezinbesteko lankidetza eskaintzen dute. Lekeitioko beste talde batzuen antzera, herritarron indarraren, auzolanaren eta parte hartze aktiboaren adibide esanguratsua dira dudarik gabe.

Lekeitioko Udalak guztion erantzukizuna dela deritzo generoen arteko desberdintasunak eta botere harremanak jendartean erroturik dauden egiturazko arazoei aurre egitea. Hori horrela dela, uste du erakunde publikoek esku hartzeko betebeharra dutela nork bere eskumenen barnean. Udalak egiten dituen politika eta ekintza guztiek genero-ikuspegia ere barnean izan behar dute, emakume eta gizonen artean eraiki diren ezberdintasunak desagerrarazteko eta berdintasuna sustatzeko.