Albisteak

 

MUSIKA ESKOLA EGOKITZEKO LANEN LIZITAZIOA IREKITA

Eliz Atea kalea 10ean kokatutako udal eraikinaren zati bat Musika Eskola bezala egokitzeko obren I. fasearen lizitazioa argitaratu da. Kontratu honen xede diren obrak burutzeko 10 asteko epea egongo da eta 2019ko ekainaren 4tik irailaren 6ra egitea aurreikusten da, aurrekontua 128.172,92 eurokoa izanik.

Lan horietan eskolak bere beharrak bete ahal izateko beharrezkoak diren obrak egingo dira. Horretarako, eraikinaren erdiko solairuan gelen banaketa berria egingo da, irakasle eta ikasleentzako gune berriak sortuz. Gainera, komunak egokituko dira irisgarritasuna bermatzeko eta larrialdietako eskailera jarriko da segurtasuna ziurtatzeko. Bestalde, beheko solairuan, sarreran alegia, egokitzapen lanak egingo dira, kasu honetan ere irisgarritasuna hobetzeko.

Proposamenak aurkezteko azken eguna apirilaren 3a izango da. Informazio gehiagorako jarri kontaktuan Lekeitioko Udalarekin.