Albisteak

 

Aurreko urteetan egin zen antzera, bakarrik edota beste adinekoren batekin bizi diren 86 urtetik gorako nagusiei, suteen kontra aurrea hartzea ahalbidetzen duen sistema etxean jartzeko aukera eskaini die aurten ere Lekeitioko Udalak.

Arrisku egoeren aurrean erreakzio denbora murriztea du helburu programa honek, bide batez prebentzio azterketa egiten duelarik. Hori lortzeko, A TIEMPO izeneko enpresak etxe bakoitzeko mapa egin du larrialdietako ebakuazioak errazteko helburuarekin. Gainera, instalazio elektrikoa eta gasen errebisioak ere egin ditu.

Adinekoen egoera eta hauen bizi baldintzak hobetzeko asmoz, azken aldian aztertutako 92 etxebizitzei, aurtengo 8 gehitu behar zaizkie. Hori horrela, gaur egun 100 etxe daude Udalak haien esku jartzen dituen ke detektagailu hauetaz baliatzen.

Gogoratu gainera, zerbitzu honen kostu osoa Udalak hartu duela bere gain, hau da, erabiltzaileek ez dute ezer ordaindu behar izan zerbitzu hau erabiltzeagatik.