Albisteak

 

 Jaietako eraso sexisten kontrako sentsibilizazio kanpaina prest
 
Herriko jaiak eduki sinbolikoa kultur adierazpenak dira eta herriaren nortasuna eta jendarte egitura ere adierazten dute. Beste aldetik, festetan zapalkuntza eta diskriminazio egoerak gertatzen dira eta ematen diren sexu eraso edo tratu txarrak zapalkuntza horren adierazpenak dira. Lekeitioko Udalak, horri aurre egitea guztion erantzukizuna dela deritzo. Hori horrela, erakunde publikoek dagokien eskumenekin esku hartzeko betebeharra dute.

Jarrera matxistak sustraituta daude gure egunerokotasunean, eta jai giroan hauek askotan azaleratzen dira. Hori dela eta, aurreko urtean bezala, Lekeitioko Udaleko Emakumea eta Berdintasuna Batzordea eraso sexisten aurkako sentsibilizazio kanpaina antolatzen ari da herriko jaietan martxan jartzeko.

Kanpaina honen helburua, jaietan parte hartzen duten pertsona guztiak gai honen inguruan sentsibilizatzea da, emakumeenganako indarkeria ez baita norberaren edo etxeko arazo bat, guztion erantzukizuna da emakumeon askatasuna eta duintasuna urratzen duten egoera hauek salatzea edo eman daitezkeen egoerak ekiditea.

Aurten “Okurridu bez!!!” lemapean ondorengo mezuak zabalduko dira herritik zehar: “Akosatia ezta ligatia”, “Heteronorma apurtu” , “Gozatu norabide guztietan”, “Ez, ez da”, “Popia ikutzia ezta ligatia”, “Olagarruak itsasora”, “erasorik ez erantzunik gabe!, “Garbigailuak eta lapikoak festetan ere ez dabiltza euren kabuz”, “Nik erabaki, nik gozatu”, besteak beste.

Udalak lelo hauekin kartelak egingo ditu eta taberna eta txosna guztietan banatuko ditu. Horrez gain, programan ere honen inguruko adierazpen bat idatziko da herritar guztiei jarrera sexisten kontrako jarrera aktiboa eskatuz, eta taberna zein txosnetan eraso bat gertatuz gero jarraitu beharreko protokoloaren berri emango duen esku-orria banatuko da. Bertan, jarraitu beharreko pausuak eta telefono baliagarriak agertzen dira. Gaia ikustarazteko udalak txapak eta pegatinak ere oparituko ditu programarekin “Okurridu bez!” lemapean.

PROTOKOLOA
Eraso sexistei erantzun!
Eraso sexisten aurrean egin beharrekoa

  1. Pertsona bat erasotua izaten ari dela iruditzen bazaizu, harengana joan eta laguntzarik behar duen galdetu iezaiozu, zeure kabuz erabakiak hartu aurretik.
  2. Baietz badio edo norbait barrara badator erasoa salatzera

 

    1. Lehentasuna duen gauza da, beraz, salaketa jasotzen duenak, egiten ari dena utzi eta pertsona horri babes guztia eman eta kasu egingo dio.
    2. Beharrezkoa bada, taberna barruan edo dagokion lekuan babesa eskainiko zaio erasotuari.
    3. Arreta handiz entzun erasotuak esateko duena (azalpena, beharrak...)
    4. Erasotzailearekin hitz egin eta argi utzi ez dituzuela jarrera sexistarik onartzen eta tabernatik edo dagokion tokitik kanporatu.
    5. Bortxaketa kasuan, ahal den heinean, erasotua ez garbitzea eta ez aldatzea garrantzitsua da.
    6. Indarrean dauden zerbitzuetara lagundu eta laguntza emozionala eman. Pertsonalki posible ez bada norbaitek lagunduko diola ziurtatu.

Telefono baliagarriak:
• Lekeitioko Anbulategia: 94 603 58 60
• Telefono bidezko laguntza edozein ordutan:  900 840 111 
• Udaltzaingoa: 94 684 20 00, goizeko 8etatik gaueko 10etara.
• Larrialdiak (24 ordu): 112