Albisteak

 

Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformak ekitaldi bat antolatu du asteburu honetan Gernikan. 2017ko apirilaren 29an eta 30ean Euskal Herriko, Espainiako estatuko eta beste herrialde batzuetako milaka lagun bilduko dira, errefuxiatuen egoerari dagokionez sumindura eta gaitzespena adierazteko, gobernuen pasibotasunaren kontrako jarrera agertzeko, bai eta aukerak planteatzeko eta eraikitzeko ere.

 

Gernikako bonbardaketaren 80. urtemuga honetan, mobilizazio jendetsurako deia egiten dute “gerrarik ez” oihukatzeko eta migratzaile eta errefuxiatuei ongi etorriak direla esateko.

 

Lekeitioko Udalak deia egiten die herritarrei Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformak asteburuan Gernikan antolatutako ondoko ekintzetan partehartzera:

 

• Apirilaren 29an, larunbatean, errefuxiatuei babesa agertzeko martxak egingo dira. Euskal Herriko hainbat tokitatik abiatuta, zutabetan iritsiko dira Gernikara, non ekitaldi hunkigarria egingo den atzoko eta gaurko Guernica horien oroimenez. Aurreikusita dago giza eskubideen eta bakearen arloko mundu-mailako zenbait erreferente etortzea.

 

• Apirilaren 30ean, igandean, gaien araberako tailerrak eta esperientzi mahaiak antolatuko dira: babes- eta asilo-eskubidea; antimilitarismoa; feminismoa; faxismorik eta arrazismorik ez; antikapitalismoa; harrera-esperientzia; Hegoaldeko muga; Guztiak ere esperientzia, konpromiso eta borroka sozial ugariak ikusgai jartzeko xedez, hala nola gerturatzen diren mugimendu eta kolektiboen artean sareak eraikitzen jarraitzeko.

• Horrez gain, jarduera ludiko eta kulturalak izango dira topaketa osoan. Amaiera ekitaldian, erantzun eraginkor eta berehalakoak eskatuko dira munduan 65 milioi lagun baino gehiago jasaten ari diren egoera konpontzeko.

 

Aurretik azaldutakoa aintzat hartuz, Lekeitioko Udala osatzen duten alderdiek gaur, apirilaren 28an, ondokoa adierazi dute:

 

1. Lekeitioko Udalak Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformak errefuxiatuen egoerari ahalik arinen irtenbidea aldarrikatzearekin bat egiten duela, hau da, pertsona guztiontzako justizia eta duintasun aldarrikatzearekin.

 

2. Udalak konpromisoa hartzen duela Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformak antolatutako ekintza hauen berri emateko eta, batez ere, Gernikarako bidean gure herritik igaroko diren zutabeetan parte hartzera dei egiteko. Horretarako, ekintza hauen berri emango da udaleko sare sozialetan eta web orrialdean.

 

3. Udal honek, era berean, euskal erakundeek 2017ko apirilaren 7an Lehendakaritzan egin zen ekitaldian onartu zuten “Konpromisoa eskatu eta eskaintzen dugu” adierazpenean hartutako konpromisoekin bat egiten du, gizartea ohartarazteko, baita neurri eraginkorrak hartzeko bai etorrera ahalbideratzeko, bai errefuxiatuei baliabideak eskeintzeko.

Informazio gehiago: https://ongietorrierrefuxiatuak.info/gernika2017