Albisteak

 

Orain dela hile batzuk aurkitu ziren paleolitoko margolanak eta gaur goizean egindako prentsaurrekoan aurkeztu da aurkikuntza, behin Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek ikerketa amaitu dutenean. Bertan izan dira Lekeitioko Udaleko alkatea eta Bizkaiko Kultura foru-diputatua, Ispasterko alkatea eta aurkikuntza egin duten arkeologoak.

Goi Paleolitikoko labar pinturez ari gara hizketan, Magdalen aldikoak hain zuzen ere, orain dela 14.500 eta 11.500 urte bitartean margotu zirenak. Bisonte bi eta zaldi bat ikus daitezke, tamaina handikoak.

Aurkikuntza honek garrantzia historiko izugarria hartzen du, Bizkaian dagoen bigarren kobazulorik garrantzitsuena bilakatzen baita Lumentzakoa, Santi Mamiñeren ondoren. Hala ere, Lekeition aurkitutako pinturak, Santi mamiñekoak baino handiagoak dira, 1,70 metroko zabalera hartzen dutelarik. Automatikoki, Ekain edo Altamirako koben bilduman sartzen da horrela Lumentzako aztarnategia eta Gizateriaren Ondare izendatuko da. Ezinbestean, garrantzia arkeologikoa ikusirik, betirako zarratuko da kobazuloa.

Aurrez ere askotan ikertu da aztarnategi hori, baina orain arte inork ez zuen margo arrastorik topatu. 1921an egin zuen lehen zundaketa Jose Miguel Barandiaranek, eta geroztik maiz izan dira arkeologoak bertan. Kontua da, argi bereziekin lortu dutela arrastoak antzematea, ez baitira erraz ikustekoak. Galdu xamar dago pintura gorriaren arrastoa zenbait gunetan, eta 1868an egindako grafiti bat dute gainean. Denbora luzez izan ziren bertan gizakiak bizitzen, eta aberatsa da horregatik daukan geruza sorta. Paleolitotik hasi eta erromatar garaira artekoa.

Informazio zehatz eta osatua, Foru Aldundiak argitaratzen duen “Kobie” aldizkarian aurkitu daiteke, Rios eta Garatek arkeologoek, aurkikuntzaren egileek Lumentzari buruzko ikerketa lana bertan argitaratu baita eta baita haren web orrian ere.

(http://www.bizkaia.net/home2/bizkaimedia/Contenido_Noticia.asp?
Not_Codigo=13352&idioma=EU&bnetmobile=0&dpto_biz=4&codpath_biz=4|295
)