Albisteak

 
  • Partehartzaileek erabaki ahal izango dute, nolako antzarrarekin parte hartu nahi duten aurten. Ez da inor, ezertara derrigortuko eta potin bakoitzak erabaki ahal izango du antzartek edo antzar biologikoa erabili.
  • Abuztuaren 29rako, kuadrila bakoitzak jakinarazi beharko du Antzartek-a edo benetako animalia erabiliko duten.
  • Betiko moduan, lehenengo lekeitiarrak lehiatuko dira eta ondoren eskualdekoak eta kanpotarrak.

Lekeition polimerozko antzarra edo Antzartek-a  erabiltzeko aukera izango dugu aurten. Gure helburua, aurten Antzartek-a behar den bezala probatzea da. Badakigu ondo dabilela, baina aurretik egindako probak ez dira nahiko. Polimerozko antzarrak probeta ezberdinen arabera zenbat altzada irauten dituen zehaztu behar dugu, aurretik oso datu gutxi daude eta. Horren arabera, Lekeitioko antzarren etorkizuna behar den bezala bermatuta egongo da. Noizbait animalia erabiltzea galarazten badute edo ez erabiltzea erabakitzen bada, alternatiba egokia eta behar den bezala probatutakoa izango dugu.

Antzartek-a mahai gainean jartzeko proposamena Antzar Jaiaren balorazio batzarraren ostean egin zen. Hain zuzen ere, 2013an 12 potin parte hartu gabe gelditu ziren eta horrek antzar jokoaren gainean hartu beharreko neurriak areagotu eta ezinbesteko egin zituen. Antzar komisioak gainera balorazioa bere kontura egin ordez, gainerako potin partehartzaileekin egin zuen, ospakizuna hobetu eta etorkizunera begirako egokitzapenak mahai gainean jartzeko.

12 potin horiek ez pasatzearen arrazoiak identifikatzen ahalegindu ginen guztion artean: irteera eta itxarote balizak errespetatu beharra, arraunean egokitasunez egitea, behar beste arraun eramatea, antzarrari dagokion lekutik kolpatzea, antzarrak aldatzen hainbeste denbora ez ematea… Antzarren kalitatea ere jarri zen mahai gainean. Soluzioak emateko sasoian, hauek mahairatu ziren: indarrean dagoen Antzar Jaiaren arautegia behar bezala errespetatzea, aukera ematea nahi duenak Isuntza Arraun Elkartekoekin arraunean ikasteko, estropuak egiteko ikastaro txiki bat eskaintzea, antzarrari kolpatzeko argibide batzuk ematea… Horrela, pasadan astean adibidez, Isuntza arraun elkartean ikastaro ezberdinak egin dira. Antzarrei dagokienez, aukera ezberdinak egon daitezkeela aipatu zen kalitatea hobetze aldera, polimerozkoa probatzea edota antzarrak beste toki batzuetatik ekartzea. Urteetan kalean dabilen eztabaida izaki, termometro legez, 2013an parte hartu zuten koadrilen artean galdeketa egin zen, jakiteko zeintzuk egongo liratezke prest aurten polimerozko antzarra probatzeko. Zentzu berean, antzar biologikoak haztegi ezberdinetatik ekarriko dira, kalitate handiko antzarrak bilatu aldera.

Horrela bada, abuztuaren 29an kultur etxean egingo den bileran kuadrila bakoitzak erabakiko du Antzartek-a edo benetako animalia erabiliko duten. Betiko moduan, lehenengo lekeitiarrak lehiatuko dira eta ondoren eskualdekoak eta kanpotarrak. Kuadrila guztiek esan behar dute zerbait Antzar jaian parte hartu nahi badute edota bestela, antzar komisioak hartuko du erabakia kuadrila hauen partez.

Aurten antzartek-a probatzeak, datu gehiago emango digu polimerozko antzarrari buruz. Berriro ere, Antzartek-a antzar jokora nola egokitzen den ikusi ahal izango dugu: erreplikak ikuskizuna eta jokoan ze eragin duen, zelako aldea dagoen bat eta bestearen artean etab. Proba hauen bitartez, gure jaia babestea lortuko dugu, arinago edo beranduago baliteke eta animalia erabiltzea galaraztea Europako legediaren batek hegazti gripearekin gertatu bezala. Jaien ondoren, berriro ere balorazioa egongo da.