Albisteak

 

- Euskal panorama eszenikoan punta puntan kokatzen diren lanak ekartzea da asmoa, herrian eskaintza kultural erregularra eta kalitatezkoa emateko.
- Antzerkia, dantza, musika, ekitaldiak eta hainbat adierazpen artistiko gehiago bilduko ditu aurten Ikusgarri Aretoak.

Ikusgarriko lehenengo 6 hilabetekoaren programazioa zarratzear dagoela, udalak lehenengo antzezlanen izenak aurreratu ditu. Punta puntako bi ikuskizun izango dira lehenak 2015eko Ikusgarriko programazioa estrenatzen.

Dejabu Panpin laborategiaren ARRASTOAK lana taularatuko da lehenengo. Antzezlanak belaunaldien arteko lotura ikustezin horiei buruz gogoeta egin nahi du, generazioz generazioko herentziaz eta askatu gabeko korapiloez mintzatu. Lur izeneko neska baten bidaia emozionala kontatzen da. Izan ere, Lurren amak arrastorik utzi gabe egin zuen ihes etxetik bera txikia zenean. Ordutik berak bakarrik egin behar izan dio aurre bizitzari, etxean harrapatuta bizi den aita zainduz, erantzunak bilatzeko astirik gabe. Gutxien espero zuen momentuan, baina, ama hilik topatzen dute eta orduan azaltzen dira Lurrengan hainbat galdera. Galdera hauek denboran atzera eramango dute protagonista eta iraganeko gertaerek bere barruan eragindako sentsazioak kanporatuko dira, ezkutuko beldurrak eta mamuak. Hala, sentimendu guzti hauei aurre egin beharko die Lurrek. Euskal Herria guztitik bueltaka dabilen antzezlana otsailaren 28an, zapatuan, iluntzeko 20:00etan izango dugu Ikusgarri Aretoan. Sarrerak 10 euro balio ditu eta aurretiaz lortu daitezke Kultur Etxean.

Martxoan berriz ARREN GANBARA ETA EMEEN SOTOA tragikomedia izango dugu. Ikuskizun honekin publikoa aho zabalik uzteko prest dator Iñaki Ziarrusta aktore eta zuzendariaren ATX Teatroa. Arren ganbara eta emeen sotoa antzezlana prestatu du konpainia bizkaitarrak, eta martxoaren 7an izango dugu Lekeition.  Kontatzeko modu grotesko, ironiko eta jostalaria duen tragikomedia aurkituko du ikus-entzuleak, Ziarrustaren aburuz: “Gaia gordina da, botereak indarrean jarraitzeko erabiltzen dituen mekanismoak azaltzen baititu, muturreko matxismoa, elizaren errepresioa eta emakumearen zapalketa ukituz”. Martxoaren 7an, arratsaldeko 19etan izango da antzezlana 5 euroren truke. Sarrerak aurretiaz lor daitezke kultur etxean.

Lekeitio, kultur kaia
Udalak Ikusgarri zinema herrirako areto moduan erabiltzeko apustua egin zuenetik, eskaintza kultural erregularra eta kalitatezkoa egonkortzen saiatu da . Aretoa Euskadiko Antzokien Sarean onartu zuten iaz eta horrez arte eszenikoen programazio trinko bat bermatu du. 2015. urtea ekitaldiz beteta dator, urtean 8 ekitaldi programatu behar baitira, gutxienez, sare horretan egoteko. Euskal panorama eszenikoan punta-puntan kokatzen diren lanak ekartzea da asmoa, herrian eskaintza kultural erregularra eta kalitatezkoa emateko. Izan ere, Lekeitio Kultur Kaia dela diogun heinean, udalak argi dauka kulturaren arlotik tira egin behar dela. Argi dugu, daukagun aktibo garrantzitsuenetako bat kulturan bertan aurkituko dugula.