Albisteak

 

Udal gobernu batzordeak urtarrilaren 12an onartu zuen Lekeitioko San Andres auzoko berrikuntza proiektua, zeina auzokideek eurak aukeratutakoa den. Arinago, urtarrilaren 11an, auzokideei aurkeztu zitzaien proiektua.

Berau, gaur, urtarrilaren 16an Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu da eta bihartik hasita, 20 lanegun egongo dira edozein alegazio egiteko, udaletxean dokumentu batzuk betez edota espreski sortu den sanandres@lekeitio.eus helbide elektronikora idatziz. Hortaz, proiektuan aldaketak egon daitezke oraindik aurkezten diren alegazioen arabera. Gainera, edozein herritarrek bidali ahalko ditu bere proposamenak otsailaren 14ra arte.

Proiektu honen puntu nagusia auzoa inguratzen duen horma behera bota eta eraikinen inguruan ibilbidea egitea izango da. Bide honetan, gainera, aparkalekuak sortuko dira. Bestalde, ateta bakoitzaren aurrera arte autoarekin heltzeko aukera egongo da, batez ere kasu bereziak direnean, larrialdiak edota antzerako kasuetan, hain zuzen. Hori zuzentzeko, piboteak jarriko dira bide hauetan, auzokideak bakarrik erabili ditzaten.

Era berean, eraikinen artean jardinerak eta landareak jarriko dira apaingarri gisa. Etxe-aurreetan ere berrikuntzak egongo dira, izan ere eraikin batetik bestera dauden kable elektriko guztiak lurperatu egingo dira. Gainera, etorkizunean igogailua jarri nahi dutenentzako leku librea utziko da eraikuntzetan, gerora inolako arazorik ez sortzeko. Eraikinen azpiko aldeetan dauden tuneletan ere aldaketak egongo dira, hauetan auzokideek haien bizikleta, umeen karroak eta abar gordetzeko gunea bihurtuko baitira. Horretarako, burdinazko sareekin egindako paretekin gordelekuak sortuko dira, eta haueki noski, giltzapean egongo dira jabeek bakarrik erabili ahal izateko.

Kanpoko aldean ere egongo dira aldaketak, batez ere auzoaren alde batean sortuko den espazio berdean. Honetan kolunpioak edota kirola egiteko aparatuak jartzea aurreikusten da, nahiz eta oraindik hau zehaztu gabe dagoen.

Berrikuntzak lanak maiatzean hasiko dira eta 10 hilabete inguru irautea espero da.