Albisteak

 

San Pedro jaiek ohitura handia dute Lekeition, arrantzale munduari lotuak.
Kilin-kala eta kaxarranka dira famatuenak. Baina badira nahi beste ekintza gehiago ere bost egunetan zehar, ekainaren 27tik uztailaren 1era bitartean. Euskal Batel-Eroak esaterako.
 
Aurten, ekainaren 27an, batel guztiak uretaratuta eta tinglaupean lotuta geratuko dira. Gauean, gainera, “Itsasoaren Emazteak” antzerki-lana taularatuko da Independentzia plazan.

Ekainaren 28an, San Pedro bezperan, ekintza asko izango dira egun guztian zehar, eta gauean, “Zehatz” taldearen kontzertu ikusgarria.

Ekainaren 29a da San Pedro eguna, egunik esanguratsuena. Goiz-goizetik hasten dira emakumeak dei egiten kalez kale eta ia segidan herriko txistulariak ateratzen dira kalejiran. Goizeko 10.30ak bueltan, Lekeitioko Udaleko alkate eta zinegotzi jaun-andreak eta kofradiako lehendakari eta arduradunak prozesioan joango dira udaletxetik elizaraino eta meza nagusiari emango diote txanda. Hau bukatzean, San Pedroren omenezko prozesioa hasten da eliza parean eta, ohitura zaharrari ekinez, kilin-kalakoa egingo da santuaren irudiarekin santuaren portuko irudi aurrean. Gero, Euskal Herrian bakarra den antzinako Kaxarranka dantza-saioen txanda izango da San Pedropean, kofradia aurrean eta plazan.

Baina hor ez da amaitzen jaia, ekainaren 30ean San Pedro Txiki eta uztailaren 1ean San Pedro Baltza ospatzen baitira.