Albisteak

 

Santa Katalinako itsasargian dagoen taberna kudeatzeko prozesua zabaldu du Lekeitioko Udalak. Aurkezteko azken eguna maiatzaren 23a da, arratsaldeko 14:00ak arte. Tabernaren ondoan 200,90 m2ko terraza bat jartzeko baimena emango da. Kontratua hiru urterako izango da, beste hiru urtez luza daitekeena, alde biek horrela adosten badute. Kontratuaren prezioa 10.000 €-koa da urteko, BEZ gabe. Diru kopuru horretan terrazaren tasak ere sartuta daude. Hala eta guztiz ere, adjudikaziodunaren kontu joango dira azpiegituraren ustiaketak behar duen materialari lotutako gastuak. Lizitatzaileek diru kopuru hori hobetu dezakete.
 
Urte guztirako kontratua da eta lokala irekitzeko ordutegia alde biek adostutako egutegiaren araberakoa izango da gutxienean. Adjudikaziodunak beharrezko neurriak hartuko ditu bere menpeko langileek euskaraz hitz egin dezaten bezeroekin eta tabernan ipiniko diren kartelak ere gutxienean euskaraz idatzita egongo dira.

Adjudikazioa prozedura ireki bidez egingo da, hainbat irizpide kontutan izanda. Gehienez 100 puntuz baloratuko da. Kontratuak oinarri izango dituen irizpideak ondokoak dira:

  1. Eskaintza ekonomikorik altuena: 51 punturaino.
  2. Memoria teknikoa 30 punturaino baloratuko da, honela banatuta:
    1. Zerbitzuaren antolaketa eta proposatuko den ustiapen-plana: 10 punturaino.
    2. Kontratuak helburu dituen espazioaren eta lokalen mantentze- eta garbiketa-programa, hondakinen kudeaketa-sistema eta biltegiaren kudeaketa: 10 punturaino.
    3. Administrazioak jarritako materialaz gain enpresarioak ipiniko dituen elementuen kalitatea, originaltasuna eta itxura, ingurumenarekin bat etorriko direnak: 5 punturaino. Debekatuta gelditzen da plastikozko altzariak ipintzea baita merkatal publizitatea edo babesa dutenak ere, bai tabernaren barruan zein terrazan.
    4. Ostalaritza zerbitzuaren osagarri diren dinamizazio ekintzen proposamena: 5 punturaino
  3. Lizitatzaileek ekonomikoki baloratutako hobekuntzak eta zerbitzua hobetzeko balio dutenak: 14 punturaino
  4. Bertan lan egingo duten langileen prestakuntza: 5 punturaino.

Kontratazio-mahaian alkateak, Garapen Ekonomikoko batzordeburuak, Hirigintzako eta Ingurumeneko zinegotziak, idazkariak eta kontu-hartzaileak parte hartuko dute. Kontratazioaren espedientea eta bere dokumentazio teknikoa Udaleko Bulego Orokorretan daude eskuragarri. Horrez gainera, lizitazioaren iragarkia eta baldintzen agiria www.lekeitio.com web orrialdeko Kontratatzailearen Profilean dago eskura.