Albisteak

 

Lekeition txakur asko daudela ukaezina da. Eta kopuru hori udan gehitu egiten dela nabaria. Horrek Lekeition, beste herri guztietan gertatzen den modura, kalean txakurren kaka gehiago aurkitzea sortzen du.
 
Udalak uste du, berez ez litzakeela horrela izan behar, baina, oraindik ere denonak diren espazioenganako ardura gutxi erakusten dute herritar batzuek.  Lekeitiarron haserrea bistakoa da eta uda garaian areagotu egiten da normala den moduan.

Udalak adierazi nahi du txakur baten jabea izateak derrigortasun batzuk dakartzala: jaten ematea, bere osasuna zaintzea… Eta horien artean bere kakak batzea, nola ez.  Era berean esan beharra dago txakur jabe gehienak ez dutela horrelako portaerarik. Beraien txakurren kakak jasotzen dituzte eta haserretzen dira, besteok modura, horrelako portaeren aurrean. Gutxi batzuen arduragabekeria guztiei leporatzen zaie eta gutxi batzuen arduragabekeriak jokaera arduratsuak dituztenen kontra jotzen du.

Udalak bere esku dagoena egiten du gai honi dagokionez, hau da, udaltzainek horrelako portaerak ikusten badituzte hartu beharreko neurriak hartuko dituzte. Baina argi dago, aipatzen ari garen txakur hauen jabeek, kontu handiz, ezkutuan edota udaltzainen aurrean horrelako portaerak saihesten dituztela. Horregatik, Lekittarrok ere aukera daukagu zerbait egiteko horrelakoak ikusten ditugunean: txakur jabe lotsagabeari adierazi batu egin behar duela bere txakurrak kalean utzi duena. Beraz, udalak dei egin nahi die txakurren jabeei kakak batzeko ardura har dezaten.

Era berean, txakurren inguruko arautegia moldatzen ari da udala eta kakak batzen ez dituzten jabeen aurkako isunak indartuko dira neurri moduan. Helburua, betiko moduan, jarrera arduratsuak bultzatzea da.