Albisteak

 

Alternatiba desberdinak eskaini ostean, udalak ez du ontzat jotzen han geratzearen erabakiaherri proiektu baten gainetik. Horregatik, neurriak hartuko ditu erabaki horren inguruan.
 
Udal honek betidanik egin du bat gazteen beharrizanak asetzeko gaztetxe baten premiaren aldarrikapenarekin. 2011an udal berria eratu eta gutxira hasi zen udala eta gazte asanbladaren arteko harremana gai honen harira. Gazte asanbladak denbora askoz esku pribatuetan egon zitezkeen azpiegitura ezberdinak aztertu ostean, espzaio publikoren bat egon zitekeen aztertzeko eskaria egin zuen.

Udalaren eskuetan dauden espazio eta baliabideak oso urriak direla kontuan izan behar da, baina, hasiera hasieran, udalak, eliza atzeko gasolindegi zaharra aztertu zuen aukera moduan. Leku hori erabilgarri egon bitartean gazteguneko solairu baten erabilera laga zitzaien. Arazo ezberdinak tarteko, gasolindegiaren aukerari ezetza eman zion gazte asanbladak.

2012an, gazte asanbladak, Fraileen eraikina okupatu zuen, han gaztetxea aldarrikatuz. Udalak hasieratik eskaini zuen bitartekaritza lana, fraile eta asanbladaren artean elkar ulertzeko ahaleginean laguntzeko bermeak emate aldera. Fraileen partetik, baina, ez zen negoziaziorako aterik zabaldu eta Eraikina desalojatu zen.

Alternatiba falta ikusita, udalak Gaztegunea erabiltzen jarraitzea eskaini zion gazte asanbladari, behin behineko neurri moduan, gaztetxearen proiektua martxan jartzen hasi ahal izateko. Negoziazio baterako harremana zabalik mantendu zen.

2013ko uztailean, Abaroa jauregiaren okupazioa eman zen: Udala gazte asanbladarekin batu eta gunearen desegokitasunaz hitz egin zen. Arrazoi moduan ondorengoak jarri zituen udalak: Espazioak ez ditu segurtasun neurri minimoak bermatzen, eraikina makal dago eta konponketak ez ezik, ondare historikoa izanik zainketa berezia behar du, eta horrez gain, Abaroa eraikina zertarako erabili nahi den erabakiko duen herri proiektua martxan dago eta gazteak hor egoteak asko baldintzatuko zukeen proiektua (lorategia zabaltzearekin abiatuko zena). Gune horren erabilera, herritar guztiek erabaki behar dute udalaren ustez. Soluzio bat bilatzeko konpromisoa argi geratu zen bi aldeetatik eta hala komunikatu zen gainera. Gazteen partetik, bitarte horretan lorategiaren izkina batean dagoen eraikin txikia bakarrik erabiltzeko konpromisoa hartzen dute.

Uda horretan, gaia bideratzeko beharra ikusita, gaztegunearen eraikina eskaintzen zaio gazte asanbladari, alternatiba duin bat lortu bitartean gaztetxe moduan erabiltzeko. Aukera hau baztertu egiten du gazte asanbladak.

Denbora aurrera joan arren, udal eta gazte asanbladaren arteko negoziazioa martxan egon da. 2014aren hasieran, alternatiba duin bat eskuratzeko aukera erreala zabaldu zen: alde zahareña kokatzen den eraikin bat gazteen beharrizanetarako azpiegitura moduan jartzeko akordu batera heltzeko aukera zegoen. Gutxienez 240 metro karratuko espazio zabal bat eskaintzen duen eraikina da hori. Udala jarriko litzateke jabeekiko harremanean bitartekari, bai arduran eta bita proiektuaren berme moduan, eta berak hartuko luke beharrezko konponketak egin eta gunea egokitzeko lana. Izan ere, eraikinak leihoak, ateak eta zorua jarri beharra baitu eta komunak eta argi, kalefakzio zein ur instalazioak egiteke. Printzipioz, beheko solairua erabiltzetik hasiko litzateke prozesua. Beti ere, gazteen proiektuaren garapenaren arabera. Espazio hau prest egon bitartean, gainera. Alternatiba hau bat zetorren ordura arte alde bietatik hartutako konpromisoekin, duina zen, eta alde biak ase zitzakeen udalaren ustez.

Alternatiba horren aukera komunikatzen zaie, beraz, gazteei. Baina, udal honek espero ez bezala, gazte asanbladaren erantzuna ezezkoa da. Abaroa eremuan mantentzeko asmoa erakusten dute, eraikin txikian.

Udalaren ustetan, Abaroa gunea eta eraikina, herritarrek berreskuratutako espazio bat da. Hasiera hasieratik adierazi da, herritarren parte hartze zabal baten bitartez erabaki behar dela gune horrek zer funtzio bete behar duen eta zein erabilera izango duen. Herritar guztiena izango den erabakia izan da udalaren ustetan han hartu behar dena. Prozesu horretan, ez litzateke erabaki hori baldintzatu edo mugatuko duen elementurik egon behar tartean. Asmo hori hasieratik adierazi du, eta proiektua martxan dago pauso desberdinen bidez aurrera doana:
eraikinaren ondare historiko izendatzeko inkoazio espedientea abian eta eraikina katalogatzeko bidean, eraikinaren baloreaz ohartzeko sentsibilizazioa, ikerketa desberdinak edo lorategia herriaren erabilerarako zabaltzeko auzolaneko proiektua martxan (aste gutxi barru bukatuko dena). Zentzu honetan, adibidez, dagoeneko gaztetxea hor kokatu nahi izateak baldintzatu du proiektu hau, besteak beste lorategiko komunetarako azpiegiturak baitzeuden proiektatuta eraikin txikian. Honen guztiaren aurrean, udalak ondorengoa komunikatu nahi du:

  • Udalak argi dauka gazteentzako alternatiba baten beharra konpondu beharreko auzia dela, eta bere partetik ahalegina egiteko prest agertu da.
  • Udala behartuta sentitzen da, herritar guztien segurtasuna bermatzeko, gogokoak ez dituen neurriak hartzera.
  • Abaroa gunea ez da aproposa ikusten momentu honetan gaztetxea kokatzeko, gorago aipatutako arrazoiak direla medio (segurtasun irizpideak, ondare ikuspegia eta herri proiektua).
  • Hori dela eta, gazte asanblada eta udalaren arteko eztabaidaren terminoak aldatzen ez diren bitartean, harremana etenda geratzen da.
  • Udalak ez ditu gazteak indarrez aterako.
  • Eraikin txikian mantentzen diren bitartean, bertatik parkerako sarbidea itxi egin da. Gazteek parkea erabili ahal izango dute, baina gainontzeko herritar guztien baldintza eta ordutegi berdinean.
  • Etxe txikiaren ondare ezaugarriak errespetarazi egingo dira. Udal teknikarien segurtasun inspekzioa egingo da gainera, segurtasuna bermatzeko.
  • Parte hartze prozesuan Abaroa jauregiaren eremu guztia hartuko da kontuan. Hortik eratorritakoa errespetatu beharko da, parte hartze prozesuak herri osoarena izango den erabakia bultzatu behar duelako. Azken erabakian gaztetxea ez balitz izango proposatutako erabileren artean, gazteak irten egingo lirateke. Gazte Asanbladakoak herri erabakia errespetatuko dutela adierazi diote udalari.
  • Gaztetxearen eremu konkretu horri lotutako baimen eta baliabide eskaerak atzera botako dira. Hau da, Udalak ez du baimenduko inguru horretan ekitaldi edo ekintzarik, eta era berean, ez da utziko udal baliabiderik. Beraz, baimendu gabeko erabileretatik eratorri daitezkeen erantzukizun guztiak beraien gain geratuko lirateke.

Guzti hau esanda, udalak uste du auzi hau bideratzeko aukerak egon direla. Alternatiba desberdinak eman dira eta negoziazioa zabalik mantendu da momentu guztian. Argi adierazi nahi da, gaztetxearen proiektuarekin bat egiten duela udalak. Hala ere, ontzat ikusten ez dena da, Abaroa gunerako aurreikusita dagoen herri proiektuaren gainetik gaztetxea hor kokatu nahi izatea. Era berean, Abaroa parkea zabalduko da laster eta gune osoa zertarako eta zelan erabili behar den aitortuko duen herritar prozesu zabal bat martxan jarriko da hurrengo asteetan. Herriak eskuratu duen espazio hau denon artean lantzea da helburua. Beraz, herritar guztiei prozesuan parte hartzeko deia eta gonbita egin nahi die udalak, gunea zertarako izango den denon artean erabakitzeko.