Albisteak

 

Larrotegiko igogailua apirilaren 23an, arratsaldean, konpondu zen azkenean. Igogailua udalak nahi baino denbora gehiago egon da geldituta eta horrek eragozpenak sortu ditu auzokideen artean. Kezkatuta geunden, jakin badakigulako igogailu horren erabiltzaile kopurua handia dela. Horregatik ulertzen dugu udalera ailegatu diren idatzi, dei eta sinadurak igogailua geldirik egoteak sortutako ezinegonaren ondorioa direla.

Igogailua izorratu eta berehala, udala  igogailuaren mantenimenduaz arduratzen den enpresarekin harremanetan jarri eta urgentziaz konpontzeko eskatu zion. Hala ere, konponketarako ezinbestekoa zen pieza bat, eta hau, atzerritik ekarri behar izan zenez lanak atzeratzea ekarri du. Udalak erantzunkizunak eskatu dizkio enpresari eta etorkizunean horrelakorik berriro gerta ez dadin neurriak hartuko ditu udalak.