Albisteak

 
Atzo, abenduaren 30ean, Lekeitioko Udalak deituta, bilera bat izan da Lekeitioko Lazunarri moilan egin beharreko lanen gaia bideratzeko Bilboko Garraio Saileko ordezkaritzaren bulegoan. Bertan egon dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Garraio Saila, Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritza, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila eta Lekeitioko Udala.

Izandako bileran, udalaren ikuspegia berriro argi utzi nahi izan da. Alde batetik, Lekeitioko arrantzaleek portura sartzeko eta portutik ateratzeko zituzten arazoei soluzio bat ematea. Bestetik, ondare ikuspuntutik, hasieratik udalak egindako proposamenak kontuan izatea, hau da, gure herriko ondarea den Lazunarri moilaren egitura ahalik eta gehien errespetatzea. Eta azkenik, lege ikuspuntutik, proiektua berme guztiekin gauzatzeko, beharrezkoa den prozedura administratiboa jarraitzea.

Bilera horretan, Lekeitioko udalak 2013ko abuztuko batzarrean iada proposatzen zuena kontuan edukitzea lortu da. Lekeitioko arrantzaleen beharrizanak ahaztu gabe, gure herriko ezaugarrietako bat den den Lazunarri moilaren zati eder bat gaur egun ezagutzen dugun modura balioan jartzeko konpromezua lortu da. Ondareaz arduratzen diren bai Eusko Jaurlaritzako bai Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek bat etorri dira udalarekin.

Udalak hasieratik esan du ondare izaera mantendu eta moilak bere funtzioa betetzeko interbentzio minimoak egitea litzatekeela egokiena. Horretarako Ondare Zentruan alegazioa jarri zuen. Moilaren betiko itxura eta forma mantentzea izan da proposamena, osorik dauden zatiak mantendu... Dena dela apurtuta ez dagoen zatia berreskuratzeko konpromisoa da hartu dena.

Falta den dokumentazioa bidaltzen dutenean (Eusko Jaurlaritzako Ondare Zentrua eta Portuetako
zuzendaritzak) hasiko dira Lazunarri moilan lanak. Hori dela eta, hurrengo egunetan mugimendua ikusiko dugu Isuntza hondartza eta bere inguruan.

Prozesua ez da erraza izan. Baina edozelako eraikitze lanetan gertatzen den bezala, ezinbestekoak diren pausu administratiboak jarraituz eta irizpideak finkatuz lanak gauzatzeko baimenak ematen dira, bestela nekez hasi daiteke edozein obra.

Ibilbide luze honetan asko idatzi eta gehiegi esan da. Gaurko bileraren ostean heldu da argipenak eman eta proiektua azaltzeko garaia. Behin betiko proiektua finkatzeko oinarriak jarri dira eta ondarea zati batean babesteko erabakia ere hartu da. Orain arteko esandako guztia behin behinekotasunean oinarritutakoa baino ez da izan.