Albisteak

 

Otsailaren 25ean, 2014rako aurrekontuen lehenengo proposamena aurkeztu zitzaien herritarrei. Orain, aurrekontuen zirriborroa Lekeitioko Udalaren webgunean eskegi dugu, herritarrek beraien proposamenak egin ditzaten.

Aurrekontuak hiru taldetan daude banatuta: Udalari dagokionak, eta Kirol eta Kultur patronatuei dagokionak. Martxoaren 10era arte proposamenak jasotzeko tartea izango da. Proposamenak udaletxean idatziz utzi beharko dira edo partehartzea@lekeitio.com helbidera bidali behar dira.

Aurtengo aurreikuspenak positiboagoak dira joan den bi urteekin konparatuta. Lehenengoz bi urtetan, gehiegi ez bada ere, errekaudazioa igo da, eta ondorioz, diru sarrera gehiago ditu udalak. Aipatutako igoera hori aurrekontuan isladatzeko, “Plan Ekonomiko Finantzario” bat egin behar da. Hori egiten ez bada, aurtengo aurrekontuetako sarrera gehikuntza hori zuzenean bankuko kreditua amortizatzeko erabili beharko litzateke, eta ez herrian beharrezkoak diren inbertsioak egiteko. Beste era batera esanda, eman diguten dirua ezin dugu gastatu baldin eta Plan Ekonomiko Finantzario bat egiten ez badugu.

Plan ekonomiko finantzario baten bidez, inbertsioak egiteko aukera zabaltzen da, eta gordeta egon diren asmo batzuk garatu ahal izateko parada ematen du horrek. Udal honek herritarren beharrizanak lehenesten ditu aurrekontuetan. Hori dela eta, inbertsioak herritarrei zuzenean eragiten dieten azpiegitura edo zerbitzuetara zuzenduko dira. Barrura begirako garapena bilatzen dugu, herritarren bizi kalitatea hobetzean egiten dugu apustu. Inbertsio hauek, herritarrek jakinarazi dizkiguten beharrizanei erantzuna eman nahi die. Izan ere, udal honek ez ditu lekeitiarrei zuzeneko zerbitzurik emango ez dien azpiegitura handiak sortuko. Gure helburua komunitatea indartzea da.

Orokorrean, partida gehienak aurreko urteko kitapenetan (gastatutako diru kopuruetan) oinarritu dira. Hori horrela, bereziki aipatu behar dira Ongintzako Larrialdiko Partidak, beharrizan handiko egoera baten dauden norbanakoei laguntzeko gordetzen den dirua. Udala bereziki konprometitzen da, egoera horretan dauden herritarrentzako nahikoa izango ez balitz gordetako aurrekontua, ekarpen bereziak egingo direla urtean zehar.

Aurrekontuan inbertsio konkretuak proposatu ditugu. Inbertsio guztiak egiteko aukera, ondoren azaltzen diren baldintzen arabera gauzatuko da: oraindik Udalaren esku dauden Garabilako garaje batzuen salmenta, diru laguntza ezberdinen lorpena edota aurrekontuen optimizazioa ( gastu arrunta murriztea). Horretarako, aurrekontuaren jarraipen zehatza egingo da, erabili ez den dirua inbertsioetara zuzendu ahal izateko.

2014an ageri diren inbertsioak hauek dira: Abaroa eraikinean eta inguruan interbenitzea, ondarearen zainketa eta hiri edertzera begirako neurriak, kiroldegian eta eskolako eraikinean beharrezkoak diren konponketak, negurako aterpe bat egitea, edo gazteentzako eta kultur edo kirol taldeentzako azpiegituretan inbertitzea planteatuko dira aukera moduan.

Aipatu behar da, baita ere, azken urte bietan asko aurreratu dela udalak zuen zorren amortizazioa: 2011tik 3.494.612€. Horrek gastuak bajatzea ekarri du eta, ekimenetarako tartea handitu egiten da ondorioz. Udal baliabideen erabilera asko arrazionalizatu da azken urte bietan eta, ari gara ikusten emaitzak.

Ogasun batzordean ere egin da aurkezpena. Ekarpenik balego, aurrekontuen bigarren azteketa bat egingo da, bestela zuzenean Osoko Bilkurara joko da.  Bertan, plangintza onartu eta beharrezko tramitea pasa ostean indarrean jarriko litzateke.


UDALETXEA SARRERAK
UDALETXEA GASTUAK
UDALETXEA LABURPENA

KIROLDEGIA SARRERAK
KIROLDEGIA GASTUAK
KIROLDEGIA LABURPENA

KULTURETXEA SARRERAK
KULTURETXEA GASTUAK
KULTURETXEA LABURPENA