Albisteak

 
Udal Kirol Erakundeko Batzorde eragileak abenduaren 9an erakundearen desegite proposamena egin eta onartu zuen aho batez. Abenduaren 15ean gauza bera egin zuen Kultur Erakundeko Batzorde eragileak.
Atzo egindako Osoko Bilkuran, Udal Kirol Erakundeko eta Kultur Erakundeko Batzorde eragileek onartutako desegitea berretsi zen, talde politiko bion adostasunarekin.
Erakundeen sorreratik gaur egunera arte UKE (Udal Kirol Erakundea 1990), LUKE (Lekeitioko Kultur Erakundea 1992) eta Lekeitioko Udalaren funtzionamenduaren errealitatea asko aldatu da.
Zerbitzuen arrazionalizazioa eta administrazioaren eraginkortasuna bermatzeko eta herritarrei ematen zaien zerbitzuen kalitatea hobetzeko asmoarekin hartu da erabakia.
Azken urteotan, Lekeitioko Udalak berak hartu du aipatutako erakundeen pertsonalaren eta kontabilitatearen ardura.
Bestalde, UKEko eta LUKEko Batzorde eragileak gai burokratikoetara mugatu dira azken urteotan eta adibidez, LUKEko Batzorde eragilea azken lau urteetan birritan baino ez da batu.
UKE eta LUKE desegin direnez, erakunde bietako langileak Lekeitioko Udaleko langile izatera pasako dira.
Laburbilduz, UKE eta LUKE desegiteak ez du kalterik suposatuko ez kultur ezta kirol arloen funtzionamenduari ezta helburuei ere, eduki bera izango baitute. Udalarekin bateratzeak,  aurrezkia ekarriko du.