Albisteak

 

Udalak ostalaritza eta jatetxeetako terrazak handitzeko malgutasuna eskainiko du

Maiatzaren 11tik aurrera, COVID-19ak sortutako alarma egoeraren lehenengo fasean sartuko gara. Fase honetan ostalaritza eta jatetxeetako terrazak publikora irekitzea ahalbidetzen da, beti ere baldintza batzuk zehaztuz. Terraza hauetan dauden mahaien edukieraren %50 erabili ahalko da gehienez ere, eta mahaien artean gutxienez bi metroko segurtasun distantzia mantendu beharko da.

Egoera honetan, eta COVID-19ak ekarritako kalteei aurre egiteko, Lekeitioko Udalak Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzarekin elkarlanean, aukera emango dio Lekeitioko portuan kokatzen diren eta herrian lizentzia duten 17 taberna eta jatetxeei, beraien terrazak %50ean handitzeko eta COVID-19aren aurretik zituzten mahai kopuru berbera mantentzeko. Hau da, kontuan izan dira, terrazak handitzeko orduan COVID-19aren aurretik zuten mahai kopurua berbera izatea, baina baita ere, oinezkoentzako leku nahiko uztea eta segurtasun eta larrialdietako zerbitzuentzako tokia egotea. Egoera hau, COVID-19ak eragindako aparteko neurri berezia izango da eta aurtengo udara mugatuko da.

Portuan kokatuta dauden ostalaritza eta jatetxeen kasuan, terrazaren azalera handitzeko ordua 13:00etatik aurrera izango da. Beti ere, portuko jarduera eta zamalanetarako baimendutako orduak amaitu ondoren. Edonola ere, babes zibileko eta larrialdietako ibilgailuak modu seguruan ibiltzea bermatuko da.

Bestalde, herriko gune ezberdinetan kokatuta dauden ostalaritza eta jatetxeek baimena eskatuko ahalko diote Lekeitioko Udalari, haien terrazaren azalera handitzeko. Udalak ontzat emanez gero, mahaien kopurua handitu ahal izango da, mahaiaren eta azalera erabilgarriaren arteko %50eko proportzioa errespetatuz, eta terraza kokatzen den gunean oinezkoentzako eremua mantenduz. Bizi dugun egoera kontuan hartuta, udalak erraztasunak emango ditu baimen horiek ematean. Hortaz, baimen hau lortuz gero, zerbitzu hauek terraza handitu ahalko lukete udaldian zehar, maiatzaren 11tik aurrera.

Horretaz gain, kontuan izan beharko da terrazetan jartzen diren elementuak inguruarekiko errespetua izan beharko dutela, oreka mantentzeko.

Aipatutako neurri hauekin Lekeitioko establezimenduen egoera hobetzea bilatuko da, herritarrentzako eskaintza ere handituz. Hurrengo hilabeteetan osasun egoera hobetzen bada, hartzen diren neurri berriak emango dira ezagutzera.