Albisteak

 

    Pasa den urteko arrakasta ikusirik, udaleko multikirol proiektua, LH1 eta LH2ko ikasleei ez ezik, LH3 eta LH4ko ikasleei ere zuzenduko zaie aurten. Proiektua 2012ko urriaren 7an jaio zen eskolak eta kirol batzordeak sustatu eta herriko kirol talde eta ikastetxeen babes osoarekin. 
 

    Udalak onartutako kirol irizpideen ondorioetako bat da Multikirol proiektua. Horregatik, bada, Lekeitioko eta inguru hurbileko herrietako lehen hezkuntzako 1-2-3-4 mailetako ikasleei kirola egiteko eredu hezigarriago bat eskaini nahi zaie.

Proiektu honek helburu duen izaera hurrengo bost puntuetan laburbil daiteke:


1. LH 1-2 eta LH 3-4  mailetan umeek kirol ugari landu eta ezagutu ditzatela. Adin aproposa da oinarrizko gaitasun fisikoak lantzeko eta kirol ezberdinak dituzten trebetasunak ezagutzeko, bizitzeko eta ikasteko.

2. Lehiaketara bideratutako kirolak bakarrik ez egitea maila hauetan. Entrenamendua, partidua eta emaitza triangelua apurtzea. Nagusien eta telebistako eredutik urruntzea.

3. Topaketa ereduaren alde egin nahi dugu adin hauetan. Parte hartze zabala, maila eta gaitasun ezberdinak dituzten umeak elkarrekin aritzea, emaitzak garrantzia galtzen du, gurasoen parte hartzea posible da, jai giroa dago.

4. Herrian dauden kirol aukera guztiak ezagutu. Herriko kirol taldeak gure proiektura ekarri eta umeak ez banatu kirol taldeetan adin hauetan.

5. Balio indibidualak eta batez ere balio sozialak landu jolas eta kirolen bidez. Gizaki sozialak gara eta gure harremanetarako egokiak izango diren balioak ezagutarazi eta garatu behar ditugu gure ikasle eta seme-alabengan (errespetua, elkarlana, elkartasuna…).

    Lehen ekintza igande honetan izango da, urriak 20, goizeko 09:30ean Atea aurrean. Ikastolako Mendi Taldearen laguntzarekin mendi irteera egingo dute ikasleek. Urtean zehar, LH1 eta LH2-ko ikasleek, herri kirolak, ikaspilota, baloi-jolasak, atletismoa, arrauna eta skate-az gozatzeko aukera izango dute. LH3 eta LH4ko ikasleek berriz, saskibaloia, igeriketa, bizikleta edota piragua topaketak egingo dituzte.

Ikastetxeetan eman ahalko da izena, baita kirolbatzordea.lekeitio@gmail.com helbidera idatzita ere.

2013KO EGUTEGIA

Urriak 20. LH1-2-3-4 maila. Mendi irteera. Ikastolako mendi taldea
Azaroak 10. LH3-4. Saskibaloia. Lekeitioko Saskibaloi taldea.
Abenduak 15. LH1-2. Herri kirola eta ikaspilota. Akarregi pelota taldea.
Urtarrilak 19. LH3-4. Igeriketa topaketa. Garraitz Triatloi taldea
Otsailak 23. LH1-2. Baloi Jolasak. Futbol Taldea, saskibaloi taldea eta marierrota boleibol taldea
Martxoak 16. LH3-4. Bizikleta topaketa. Lekeitioko Bizikleta taldea.
Apirilak 5. LH1-2. Atletismoa. Tximista Atletismo taldea.
Maiatzak 18. LH3-4. Piragua topaketak. Dzanga piragua taldea.
Ekainak 7. LH1-2. Arrauna eta eskate. Isuntza arraun taldea eta ranpa bako eskate taldea.